Udalak jaien inguruan eginiko balorazioa “propaganda hutsa” da, EH Bilduren arabera

Txabi Alvarado Bañares 2019ko abu. 21a, 11:00

Jai kuadrillek txupinazoan eginiko plantoa aipatu du EH Bilduk, besteak beste. / Aiaraldea.eus

EH Bilduko kideek hainbat gauza bota dituzte faltan udalak eginiko balorazioan: Txupinazo egunean kuadrillek egindako plantoa, egon diren kexak jaiak astelehen batean hasteagatik, gazteen lonjetan gertatutakoa eta San Rokeren eguneko bazkariaren leku aldaketa, besteak beste.

Amurrioko EH Bilduk oharra plazaratu du Amurrioko Udalak jaien gainean eginiko balorazioa kritikatzeko, “propaganda hutsa” izatea leporatuta. Udal gobernuak positiboki baloratu ditu aurtengo jaiak, astelehenean eginiko prentsaurrekoan adierazi zuenez.

Oposizioko taldeak, aldiz, balorazioa “modu azkarrean” egin dela uste du , jai batzordean parte hartzen duten taldeen iritzia kontuan izan gabe. Era berean, “kritikotasun falta” izatea leporatu dio koalizioak udal gobernuari, “urtero argudiaketa berdinak” errepikatzen dituelako, balantzeari “itxura partidista” emanez.

“Maiz, jai batzordea irekia eta autonomoa dela adierazi da, baina errealitatea ez da saltzen den modukoa: herriko eragileen parte hartzea eta inplikazioa nahiko mugatua da”, salatu du oposizioko taldeak, udal gobernuak eramaten duen planteamenduari aldaketak egiteko aukera gutxi daudela argudiatuta.

Hainbat gauza faltan
EH Bilduko kideek hainbat gauza bota dituzte faltan udalak eginiko balorazioan: “Txupinazo egunean kuadrillek egindako plantoa, egon diren kexak jaiak astelehen batean hasteagatik, gazteen lonjetan gertatutakoa, San Rokeren eguneko bazkariaren leku aldaketa...”. Kontratatu diren ikuskizun batzuk ere kritikatu ditu koalizioak, udaleko politikekin bat ez datozela argudiatuta. “Beste alde batera begiratzeak eta gertakari hauek estaltzen saiatzeak agerian uzten du ez dagoela baldintzarik balorazio duin bat egiteko”.

Gauzak hala, jai eredua “birpentsatu” behar dela nabarmendu dute EH Bilduko kideei, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete jaien antolakuntzan murgilduta egon diren eragileei: “kuadrillei, Jai Herrikoien Aldeko Batzordeari eta, orokorrean, gizarte osoari”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide