"Berri Txarraken kontzertuak oihartzun handia suposatu du Burubio elkartearentzat"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko urr. 21a, 18:15

Burubio bete zuten ostiralean Berri Txarrakeko zaleek. Kultur Elkarteak babes hori egunerokotasunean adieraztearen garrantzia azpimarratu du.

Berri Txarraken kontzertu berezia jaso zuen ostiralean Burubiok. Azaroan utziko dio jotzeari talde ezagunak. Azken bi emanaldien aurretik, ordea, areto txikietako formatuarekin, agur birari heldu diote. Hain zuzen, azken txanpako kontzertuen artean lehenbizikoa izan zen Amurriokoa; eta zale ugari bertaratu ziren emanaldiaz gozatzera.

Endika Garcia kidea baikor azaldu da, ostiraleko kontzertua "mugarria" izan daitekeela dio: "Beste musika taldeak gutxietsi gabe, ziurrenik Berri Txarrakena izan da orain arte antolatu dugun kontzerturik garrantzitsuena". Iragan igandean jarri zituzten sarrerak salgai, eta ordu erdian agortu ziren txartel guztiak. "Berri Txarraken kontzertuak oihartzun handia suposatu du Burubio Elkartearentzat", erantsi du Egoitz Palaciosek. 

Lau urteko ibilbidea du jadanik elkarteak, eta ia astebururo antolatzen dituzte musika kontzertuak: "Zorionez, 40 bat laguni esker hainbat emanaldi antolatzen ditugu, hori da gure xedea. Berri Txarrak bai, baina Burubio askoz gehiago da, eta are gehiago izan behar da. Horregatik babesa eskatzen diogu jendeari hemendik aurrerako ekintza guztientzat". 

Laguntzeko moduez galdetuta, bi aipatu ditu. Batetik, jardueretara bertaratzea eta musikaz gozatzea. Eta, bestetik, bazkide egitea. "Egitasmoari bultzada emateko 40€ jartzen dituzte bazkideek urtean elkartea sustengatzeko". Musikariak, teknikariak... biltzen dira elkartean batez ere, "baina ateak zabalik ditugu musikazale eta kulturzale denentzat".

Burubioko kideek aurreratu dutenez, otsaila arteko programazioa lotua dute dagoeneko, eta datozen egunetan egingo dute publiko euren sare sozialetan. 

Erlazionatuak

Berri Txarraken oroitzapenak Aiaraldean "beude"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019 urr 19 Amurrio

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide