Atzo egin zen Amurrioko urriko Udal Osoko Bilkura. Hainbat gai landu ziren bertan, eta adostasuna izan zen nagusi. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko tasa arautzen duen ordenantza izan zen onartu zen lehen puntua. Talde guztiek bozkatu zuten alde.
Oposizioko zinegotzi bat liberatzea onartu zen jarraian, kasu honetan ere aho batez. EH Bilduko Irune Iturbe Errasti izango da liberatua.
Nafarroako uholdeak
Tafalla inguruan jazotako uholdeen inguruko adierazpena ere landu zuten plenoan, EH Bilduk proposatuta. Kasu honetan ere erabatekoa izan zen adostasuna. Hau da erabaki zena: udalak uholdeek kaltetutako herriekiko elkartasuna adieraztea eta “auzolan ekonomikoan” parte hartzeko deia luzatzea herritarrei.
Aldaketa klimatikoa
Aldaketa klimatikoari buruzko testua ere landu zuten. EH Bilduk plazaratu zuen ideia, eta PSE-EEk hainbat ideia gehituta plazaratu zuten plenoan. Kasu horretan ere aho batez onartu zen, adierazpen instituzional gisa. Hala ere, talde bakoitzak bere argudio propioak plazaratu zituen. EH Bilduk nabarmendu zuen udaletik oraindik lan handia egiteke dagoela. Antzeko ildotik joan ziren Orain Amurrioren argudioak. “Orain arte egin dena ez da nahikoa izan, larrialdi bat dela ulertzen badugu premiazko neurriak hartu beharko dira arazoari aurre egiteko”, adierazi zuen Kepa Gonzalez zinegotziak.
EAJk, bere aldetik, orain arte herrian egin diren ekimenak balioan jarri eta egoerari buelta emateko herritarren inplikazioa beharrezkoa dela nabarmendu zuen. “Hemen bizi garenok kotxea aparkatuta uztea lortzen badugu planeta salbatzen lagunduko dugu”, azpimarratu zuen Josune Irabien alkateak.
Mozioa onartuta, hainbat etxerako lan izango ditu udalak: zortzi hilabeteren buruan herriko eraikin publikoen diagnostiko bat egin beharko du, jasangarritasun energetikoa bermatzen den edo ez ikusteko.
Kataluniako egoera
EH Bildurena izan zen baita plenoan landu zen azken mozioa. Kataluniako herritarrei eta kartzelan dauden politikariei elkartasuna adieraztea izan zen testuaren xedea. Kasu honetan PSE-EEk ez beste talde guztiek bozkatu zuten proposamenaren alde. Alderdi sozialistak emendakina aurkeztu zuen, baina ez zen aurrera atera, gainontzeko taldeek aurka bozkatu zutelako.
Azaroaren 25aren harira
Beste gai bat ere lantzea proposatu zuen EH Bilduk: Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala. “Hurrengo plenoa azaroaren 25a pasata izango denez uste dugu orain dela unea gaia lantzeko”, azaldu zuen Garazi Dorronsoro zinegotziak. EAJk eta PSE-EEk, baina, gaia lantzearen aurka bozkatu zuten. Josune Irabienek azaldu zuen badaudela gaia lantzeko foro egokiagoak, “datatik hurbilago egongo direnak”.
Urtegiko algak
Erregu eta galderen atalean EH Bildu izan zen parte hartu zuen talde bakarra. Iñaki Ibarluzea zinegotziak Maroñoko urtegian agertutako algen inguruan galdetu zuen, eta adierazi zuen faltan bota zuela informazioa osatuagoa Ur Patzuergoaren partetik.