Tubos Reunidosek 69,7 milioi euroko negozio zifra izan du 2019ko hirugarren hiruhilekoan zehar, eta Ebitdako 1,4 milioi euroko balantze positiboa izan du epe horretan. Zenbatekoen galerak, ondorioz, 4,2 milioi eurora murriztu dira udako hiru hilabeteetan zehar. Urteko lehenengo hiru hilabeteekin alderatuta, berriz, 9,1 milioi euroko hobekuntza eman da, garaian 13,3 milioiko galerak baitzituen enpresak.
Aurtengo lehenengo hiru hilabeetan Tubos Reunidosek izandako negozio zifra 69,6 milioi eurokoa izan zen eta, bigarrenean, 72,2 eurokoa. Nahiz eta oraingo zifrak bigarren hiruhilabetekoak baino baxuagoak izan, kontuan hartu beharra dago udako hiru hilabeteak opor garaiarekin eta abuztuko produkzio etenaldiarekin bat egin dutela. Ebitda berdina izan da bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, 1,4 milioiko balantze positiboarekin, eta lehenengo hiruhilabetekoa baino askoz hobea, orduan 4,8 milioi euroko galerak egon baitziren.
Duela hilabete batzuk, ekaina aldera, birfinantziaketa akordio bat sinatu zuen Tubos Reunidosek, zeinak 112 milioi euroko finantziazio betebeharrak saihestea ahalbidetuko dion. 2020. urtean, hortaz, soilik 5,5 milioi euro baino ez ditu ordaindu beharko zorretan.