Tubos Reunidos enpresak zabaldu du gaur ados jarri dela bere hartzekodunekin eta 350 milioi euroko zorra kitatzeko plana onartu dutela.
Ines Nuñez de la Parte administrazio kontseiluko idazkariak jakinarazi du idatziz informazioa. Enpresaren arabera, akordioak bermatuko du lantegien etorkizuna epe motz eta ertainean.
Hedabideek zenbait albiste idatzi dute azken egunetan eta adierazi dute entitate finantzarioekin adostasuna erdietsi dutela, bereziki, BBVArekin. Izan ere, BBVA da akzioen jabeetako bat eta hartzekoduna, aldi berean, eta ez zegoen prest bere gain hartzeko zorraren zati handi bat.
Gauzak horrela, 5 urtetan luzatuko zaio enpresari epea zor gehiena ordaintzeko eta horrek erraztasunak emango dizkio Tubos Reunidosi, kapitala handitzeko beharrera heldu gabe.
Sindikatuen erantzuna
Sindikatuek zuhurtziaz jaso dute albistea enpresaren egoera egonkortuko delako. Hala ere, langileen ordezkarien iturriek goraipatu dute zuzendaritzak konpondu duela zuzendaritzak berak sortutako arazoa.
Erakunde sindikalek nabarmendu dute administrazio kontseiluaren erabakiek eragin zutela zorra eta 3 urtez lan hitzarmenik gabe egotea enpresan. Hau da, langileek uste dute eurak izan direla kaltetuenak krisialdiaren ondorioz. Horrez gain, sindikatuek salatu dute ez zaiela akordioaren berri eman modu ofizialean.
Bestalde, sindikatuko ordezkariek ez dakite nola eragingo dien egoera berriak lan hitzarmenaren negoziazioan, batzuek uste baitute bankuek botere gehiago izateak ez duela ondorio onik izango.