URAk 140 metroko luzerako eta 4 metro altuerako horma bat kendu du Amurrion, Reforren pareko Nerbioi ibaiaren eskumako aldean, tarte hori “naturalizatzeko” asmoarekin.
Goi-tentsiorako dorre baten zimendatze guneraino dagoen zatia kendu da bakarrik, “dorrearen oinarriari ematen dion defentsa mantentzeko”. Hala adierazi du Amurrioko Udalak ohar baten bidez.
Obra honek jarraipena egiten dio iragan irailean egindako beste obra bati. Ibaiaren zati bereko presa baten erdiko zatia eraitsi zuten orduan. Ibaiaren sakonera murriztu zen horrela, eta “habitataren aniztasuna" handitu zen.
Horma kendu eta gero, ibilgua zaharberritu da ere, eskumako aldeari meandro forma emanda. Alde horretako erribera eta ibaiertza espezie autoktonoekin landatu dira. Oinezkoentzako bidea ordezkatu da ere, ibilgura hurbilduta, “oinezkoen eta Nerbioi ibaiaren lotura handiagotzeko”.