Ehunka lagun atera dira kaleetara martxoaren 8a dela-eta, egun osoan zehar. Aiaraldeko Mugimendu Feministak egitarau oparoa prestatu du tokian toki. Eskualdeko manifestazioa izan da mobilizazio nagusia. Hala, 18:00etan abiatu dira Amurrioko gaztetxetik. Ekimenez betetako ibilbidea osatu dute partaideek. Batetik, indarkeria matxistak eraildako emakumeak izan dituzte gogoan Amurrioko epaitegian. Ildo beretik, feminismoaren aldarriak oso presente egon dira. Horren adibide dira neska gazteek burututako ekimenak:
Emakume erailak gogoan izan dituzte Amurrioko justizia epaitegi aurrean #M8Aiaraldean pic.twitter.com/WfImW0tb1n
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) March 8, 2020
Aiaraldeko manifestazioa hasi berritan neska* gazteek ekimena egin dute #M8Aiaraldean pic.twitter.com/hXF1lfd2HZ
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) March 8, 2020
Ekitaldia, akelarre
San Anton plazan bukatu da manifestazioa. Ez edonola, gainera. Izan ere, akelarrea egin dute neska gazteek. Aiaraldeko Mugimendu Feministaren azken urteetako irudiekin osatutako ikus-entzunezkoa jarri dute ondoren.
Akelarrearekin hasi da @AiaraldekoMF ren ekitaldia. Amurrioko San Anton plazan jendetza batu da #M8Aiaraldean pic.twitter.com/Y6f5uq56zw
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) March 8, 2020
Hizlariak igo dira oholtzara segidan, eta eraldatzeko beharra azpimarratu dute: "Jendarte eredu hau bizigaitza da pertsona gehienentzat, batez ere, emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat. Greba feministetatik greba orokorrera joan ginen, eta gaur borroka egun izugarria lortu dugu".
Duela 5 urte sortutako Emakumeen Mundu Martxa ere izan dute hizpide, Euskal Herrian datozen hilabeteetan presente egongo den dinamika izango baita. Azkenik, feminismoa saretzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute: "Gaur eta beti, eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egingo diogu, aurrean izango gaituzte".