[IRITZIA] Hegal egiten

Erredakzioa 2020ko mar. 16a, 13:42
Garikoitz Ibarrola Etxebarria. / I.E Familia

Garikoitz Ibarrola Etxebarria gogoan izateko iritzi artikulua plazaratu dute euren lehengusin eta lehengusuek. Atzo zendu zen 38 urteko amurrioarra, eta larrialdi egoera medio 21:00etan etxeetako balkoietatik txaloka helarazi zieten familia eta lagunei babesa herritarrek.

“Hauxe da egun motela” zion Itoiz  taldearen “espaloian” diskoaren  lehenengo kantak. Eta horrelakoa da gaurko eguna ere, motela.

Astebururo igotzen ginen zuen Opel Corsa txurian, Euskal Herriko mendi eta haranetatik ibilaldiak egiten joateko. Txarli zen gidari eta bere ondoan beti ere, Rosa, bere tortila goxoak prest, ume bihurri haien gosea asetzeko. Atzeko partean eserita, Iker eta zu, gurekin elkartzeko irrikitan. Behin eta berriro entzuten genuen kotxearen radio cassette zahar hartan “espaloian” diska…

Bizitza bat konpartitu dugu zurekin. Txikitako urtebetetzeetako merendolak, jaunartzeak, kalean egindako trastadak, parkeko orduak… Zurekin beltztu ditugu eskuak frontoian, eta zurekin hautsi ditugu hezurrak futbolean, bizikletan… Zurekin mozkortu gara taberna eta txosnetan, zurekin kantatu dugu eta zurekin egin dugu topa ezkontzetan. Zurekin egin dugu garraxi kaleetan eta zurekin jarri gara pankarta baten atzean. Zurekin egin dugu barre eta zurekin egin dugu negar.

Guk ezin izango dugu zure konpainiaz  gehiago  gozatu, eta Ametsek eta Manexek ezin izango dute osaba Garirekin berriro jolastu, goizegi joan zara…

Bazen bereziki gustoko genuen kanta bat Itoiz-en diska hartan, bigarrena, “hegal egiten”. Letrak horrela zion : "orain herritik mutil bat falta da, ez dago inor bere etxeko leihoan, baso ilunetan dabil hegaletan, txantxangorria bezala…”.

Tristurak eta nostalgiak itotzen gaituen bakoitzean, Lezamara joango gara eta Gurbistatik gora, Txibiarteko puntara igoko gara. Seguruenik inguru haietan entzungo dugula berriro ere gure txantxangorria. Rosa, Txarli, Iker, Anaisa, Amets eta Manex, zuen ondoan egon gara, gaude eta egongo gara beti!


Zure lehengusu-lehengusinak:

Maripaz, Aritz, Erlaitz, Juan Felix, Nagore, Arkaitz, Elias, Libe Ane, Elene, Gartzen, Noemi, José Ángel, Nora, Adei, Mónica, Egoitz, Alaia, Oier, Joseba, Ana, Aimar, Ander, Unai, Gentzane, Bernardo, Aimar, Sara, Amaia, Ion, Iune, Ane, Joseba, Leticia, Daniela, Arian, Haizea, Endika, Gaizka, Ane, Naiara, Xavi, Ane, Mikel, Iñaki, Ainara, Julian, Jonathan, Maitane, Oscar, Julen, Nerea eta Iratxe.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide