Tubos Reunidos enpresan ordezkaritza duten sindikatuek testua bidali diote zuzendaritzari ekoizpena etetea exijitzeko.
Izan ere, langileen ustez, ez dira betetzen ari prebentziorako eta segurtasunerako irizpideak. Horren adibidea da, sindikatuem aburuz, ez zaiela jakinarazi zenbat koronabirus kasu egon diren lantegian ostiraletik.
Horrez gain, langile batzordeak adierazi du ez direla neurriak ezarri pertsona gehiago ez kutsatzeko. Ondorioz, instituzio publikoek iradokitako prebentzio protokoloa bete arte, sindikatuek uste dute ekoizpena gelditu behar dela, euren eta senideen osasunaren ongizatea bermatzeko.
Halaber, beharginen erakundeek proposatu dute krisialdi batzordea osatzea, langileak uneoro informatuta egon daitezen.
Sindikatuen asmoa da aste honetan bilera egitea zuzendaritzarekin erantzuna jasotzeko.