Zertan egiten duzu lan?
Erizain laguntzailea naiz Bilboko anbulatorio batean, zehazki, lehenengo arreta zerbitzuan.
Zein da zure egoera orain?
Oraindik moldatzen ari gara egoera berri honetara. Informazio ugari izan arren, oraindik ideiak, kontzeptuak eta betebeharrak zeintzuk diren argi izan behar ditugu, nahastu barik. Ez da erraza egun batetik bestera lan egiteko ohitura berriak eta ez ohiko araudiak barneratzea.
Nola bizi duzue egungo egoera Osakidetzako langileek?
Behin hasierako kolpea jasota, ekintzetarako urratsak ematen gabiltza, informazioa jasotzen, sortzen diren zalantzak argitzeko.
Profesionalen arteko elkarlanean sakontzen gabiltza eta, pertsonak garen neurrian, gure beldurrak kudeatzen gaude, ondokoarekin partekatuta.
"Jendeak baloratu eta eskertzen du gure lana"
Zer nolako segurtasun neurriak dituzue?
Lehendabizikoa da eskuak garbitzea ura eta xaboia baliatuta, minutu batez, gutxienez. Alkoholez egindako xaboia ere baliatzen dugu.
Edonorekiko metro bateko distantzia errespetatzen saiatzen gara, maskarak eta eskularruak ere erabiltzen ditugu.
Eztula eta doministiku egiterakoan, ahoa babesten dugu, besoa edo zapi bat aurrean ipiniz.
Horrez gain, koronabirusak kutsatutako balizko gaixo batekin dauden profesionalak batak eta txanoak ere jartzen dituzte.
Bestalde, Osakidetzak gutariko bakoitzari gomendatzen digu tenperatura egunero hartzea, sukarra agertzen den ikusteko.
Prest zeundeten gertatutakoari aurre egiteko?
Ez, inondik inora. Uste dut jokoz kanpo harrapatu gaituela guztioi. Ohituta gaude normaltasun jakin baten barruan lan egitera, errutinazko betebeharrei aurre egiten, nahiz eta batzutan egoera gogorrak izan. Hala ere, barneratuta ditugun prozedurak dira.
Koronabirusak, aldiz, ustekabean harrapatu gaitu. Baliabide materialak zein profesionalak oso denbora gutxian moldatu behar izan ditugu egoera berri honi aurre egiteko. Horrek noraezean ibiltzearen sentsazioa uzten digu batzutan.
Gizartearen babesa sentitzen ari zarete?
Bai, orokorrean bai. Behintzat hori da nik neuk dudan sentsazioa. Inguruko jendeak baloratu eta eskertzen du gure lana. Agian ez dira hitzekin transmititutako babesak, baizik eta elkartasun keinuekin.