Enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientea aurkeztu zuen Valvospain-Ituarteko zuzendaritzak astelehenean. Hiru hilabeteetako iraupena izango du espedienteak, ekainaren 23ra arte luzatuko baita (Lan zuzendaritzak onartu egiten badu betiere).
Hala jakinarazi du Enpresa Batzordeak. Komiteak azaldu duenez, hainbat neurri adostu zituzten zuzendaritzarekin koronabirusaren krisia hasi zenean, baina akordatutakoa betetzen ari ez zela jakinarazi zioten beharginek enpresari iragan astean. Gauzak hala, ekoizpenarekin jarraitzeko baldintza egokirik ez zegoela ondorioztatu zuten sindikatuek. “Iragan asteko asteazkenean, martxoak 18, zuzendaritzak tailerreko behargin guztiak etxera bidaltzea erabaki zuen, martxoaren 27ra arte, ordainduzko astebeteko baimen baten bidez. Bulegoko langileei, aldiz, telelana egiteko esan zieten”. Gauzak hala, enplegua erregulatzeko espedientea aurretik abisatu gabe eta alde bakartasunez ezarri izana egotzi diote langileen ordezkariek enpresari.
Langileek gogoratu dute enpresa hartzekodunen lehiaketan dagoela iazko ekainetik, eta une honetan likidazio fasean murgilduta dagoela, “enpresa erosiko duen inbertsoreren baten eskaintzaren zain”. Komitearen aburuz, egoera hori “kritikoa” da langileentzat, enpresaren etorkizuna bermatzeko langileen zati handi bat kaleratu behar dela defendatzen duelako zuzendaritzak.