Amurrioko Tokiko Gobernu Batzordea krisi kabinete bihurtzea eskatu du EH Bilduk, “koronabirusak sortutako krisi soziosanitarioa udalerrian eragiten ari diren ondorioei guztion artean aurre egin ahal izateko”. “Gobernantza onak, gardentasuna eta informazioa” eskatzen dituela gehitu du opozisioko taldeak ohar baten bidez.
Irune Iturbe zinegotziak adierazi du ordezkari gisa egiten ari diren lana “eredugarria” dela eta, krisiak iraun bitartean, arduratsuak izan behar direla gehitu du. Iturberen aburuz, krisi kabineteak ondorio ekonomiko-sozialak leuntzeko balio ahalko luke: “Krisi honen ondorioak arintzeko gure esku dauden neurri politiko guztiak hartu ahal izatea ahalbidetuko liguke”.
Gainera, udaleko larrialdietarako mahaian parte hartzea gustatuko litzaiekeela ere esan du zinegotziak, “ideiak eman ahal izateko, gure udalerrian gertatzen ari dena lehen eskutik ezagututa”. Amaitzeko, alderdiak Amurrioko herritarren eta udalaren esku jarraituko duela ziurtatu dute, egoera “ahalik eta ondoen” konpontzen saiatzeko.