18.183.943,30 euroko aurrekontua adostu dute EAJk eta PSE-EEk Amurrion

Julen Solaun Martinez 2020ko mar. 26a, 18:00

EAJk eta PSE-EEk bultzatutako aurrekontuak izango dira aurtengoak. / Aiaraldea.eus

Lehentasunen artean enplegua sortzea, inbertsioak bultzatzea eta koronabirusak sortutako krisiari aurre egitea egongo direla esan dute.

18.183.943,30 euroko aurrekontua izango du aurten Amurrioko Udalak, EAJk eta PSE-EEk adostutakoaren arabera. Bi alderdiek ohar batean adierazi dutenez, koronabirusak sortutako krisia dela medio, aurrekontuak onartzea “erantzukizun-ekintza” izan da: “Amurrioarrentzat funtsezkoak diren proiektu eta ekintzei jarraipena emateaz gain, bizi dugun egoera bereziaren aurrean udalerriko esparru ekonomiko eta sozialak indartzeko helburua lortu ahal izateko”.

Era berean, behin aurrekontuak behin jarrita, helburua krisi ekonomikotik errekuperatzeko laguntza gehien behar duten kolektiboen beharrei erantzutea izango dela gehitu dute.

Diru horrek “enplegu politikak, mugikortasun proiektuak eta gizarte politikak” indartuko dituela ere esan dute bi alderdiek, baita “partaidetzako eta gizarte eraldaketarako proiektuak” bultzatzeko balioko duela ere. Esaterako, 300.000 euro bideratuko dira inbertsioak eta ekintzak egiteko: ludoteka bat gaitzeko, kamioien aparkalekua birgaitzeko eta hobetzeko, zinemako sarreren online erosketa inplementatzeko edota jaietako karrozetarako txasis berri bat erosteko, besteak beste.

Aurrekontu parte-hartzaileetara bideratutako diru kantitatea iaz baino handiagoa izango dela zehaztu dute: “Inbertsioak 15.000 eurotan handituko dira, auzoetan egingo diren proiektuek 33.00 euro gehiago izango dituzte hainbat ekintza gauzatzeko, Nagusi Etxea egokitzeko eta ekipatzeko aurrekontua 4.600 eurotan handituko da eta 7.000 euro handiagoa izango da udal liburutegiko funts bibliografikoetara bideratutako partida”.

Alkateak, Josune Irabienek, adierazi du lehentasunetako bat enplegua sustatzea dela eta “partida ekonomiko garrantzitsua” bideratuko dela horretara, baita “Mugiment” programara edo Adinekoen Kontseilura ere, besteak beste. PSE-EEko ordezkariak, David Romerok, gehitu du diru horrek ahalbidetuko diela Covid-19ak sortutako “egoera larriaren aurrean" jarduteko neurri "zehatz eta eraginkorrak" hartzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide