Gizateria isolamendu egoera berri baten aurrean aurkitu da gaur. Esperimentu sozial honek gure egunerokotasuna aldatuko du betiko. Gure bizitzeko era, erlazionatzeko era eta komunitatean mantentzeko era besteak beste.
Gure zonaldeko gehiengoa gune txikietan bizi da. Adreilu eta hormigoiak guneak mugatzen dituzte, edo beste era batean ikusita, guneetan mugatzen gaituzte, deskonektatzen gaituzte, alegia. 1950 eta 1980 urteetan hazi zen Aiaraldea. Hazkunde honek arkitekturan eraldaketa ekarri zuen, eraikuntza sozialaren sorkuntza hasiz, kapitalismoak bultzatutako eraikuntza baten sorkuntza; eta gure industrian lan egiteko etorritako atzerritar guztiei horiei bizitzeko gunea bilatzearen presak, egoki eta eroso egotearen beharraren gain jarri zen.
Arkitekturaren helburua komunitateak sortu eta elkar erlazionatzea da, gune kolektibo konektatuak sortzea. Baina, isolamenduan gaude gaur, edo isolamenduan geunden lehendik jada? 1, 2 eta 3 logeletako etxebizitzak salgai edonon, sukaldea, egongela eta komuna familian disfrutatzeko. Hori bai, bizitza modu bertikalean sortua, auzokideekin konektatu gabe, partaide izan gabe, agian isolamenduan bizitzea genuen gustuko eta ez genekien.
Orduan, zein izango da Covid-19ak gure gizartean izango duen eragina? Eraldatuko gaitu?
Nire ustez, etxebizitzan bertan zein komunitatean bizitzeko era aldatuko da birusaren ondorioz. Ondo diseinatutako komunitate eta barne espazioak izan daitezke erantzuna.
Gure gizartearen gaur egungo arazo handienetariko bat depresioa da, isolamendu egoerak sortua den askotan. Orain dela hilabete batzuk Bilboko Areatzan Mercedes ezagutu genuen. Ruben Orozcok sortutako eskultura hiperrealista zen, baina bizitza errealean bizi zen Mercedes auzokidean oinarrituta. Emakume hau bakarrik bizi zen, bere isolamenduan, eta haren esanetan, egun asko goizetik gauera pasatzen ziren hitzik entzun eta esan gabe.
Existitzen zen egoera honen aurrean, eta baita gaur bizi dugun isolamendu egoera orokor honen aurrean, arkitekturak eta diseinuak erantzuna bilatu behar dute.
Gure etxeek gure behar guztiak asetu behar dituzte.
Batetik, elkar partekatzeko guneak sortu behar ditugu. Gune komunitarioak inoiz baino beharrezkoagoak dira, auzokideen arteko gune partekatuak, patioak, teilatu lauak, edo komunitateko gune berdeak. Ez da soilik balkoi bat izatea, balkoiak konpartitu eta elkarren artean erlazionatzea eta komunikatzea baizik. Balkoitik balkoi komunikazioa ahalbidetzea eta auzokideak elkar ikusteko eta elkarren artean hitz egiteko gunea eraikitzea.
Bestetik, norbanakoak bere espazio pribatua beharko du baita, familian partekatzeko gunea zein isolamenduan disfrutatzekoa. Egunak luzeak izaten dira oraingoan, eta gizaki sozialak garen arren, gure espazio pribatu eta intimoak behar ditugu. Hauetan, familian disfrutatzeko gune ireki eta argiak behar ditugu. Sukalde eta egongela ireki eta konektatuak, zeinetan argi naturala eta naturarekin dugun erlazioa funtsezko behar bilakatuko diren. Baita espazio pribatu eta pertsonalak, non bakoitzak berea bere buruarekin partekatzen duen, gune beharrezkoak etxebizitza guztietan.
Behar hauek ez dira luxu bat izan behar, bizitzeko era berri batean bilakatu behar dira. Agian, bizitza kolektiboaren eraldatzearen aurrean gaude, non gune partekatuek garrantzia handiagoa izango duten eta gune pribatuek kanpoaldearekiko zein naturarekiko erlazioa ezinbestean bilatuko eta ahalbidetuko duten. Diseinuak behar guzti hauek egunerokotasunean islatu beharko ditu.