Koronabirusa gertutik ezagutu duzu. Nolakoa izan da zure familiako kasua?
Nire aita egon da gaixo, bere kasua martxoaren amaieran hasi zen. Sukarra zuen, eta gorputza oso nekatuta. Handik hiru edo lau egunetara, aire falta nabaritu zuen. Ondorioz, adierazitako osasun zerbitzuen zenbakira deitu genuen. Zerbitzu horretatik, etxean geratzeko esan zioten, eta handik aurrera jarraipen telefonikoari ekin zioten. Alabaina, egunetik egunera okerrera egin zuen, eta azkenean, anbulantzian ospitaleratu zuten.
Telefono bidez zein erietxean artatu dute zuen aita. Nolakoa izan da prozesua?
Urdulizera eraman zuten apirilaren 2an, eta espero bezala kutsatuta zegoela esan zioten. Apirilaren 3an solairura eraman zuten, oso larri: odolean oxigenoaren %36 besterik ez zuen. Zainketa Intentsiboen Unitateetara (ZIU) mugitu zuten segidan, larritasunagatik.
Egunetik egunera, txarrera egin zuen, eta apirilaren 18an hodiz bete behar izan zuten bere egoera kritikoa zelako. Apirilaren 22 arte egon zen horrela, hobetzen zihoalakoan esnatzea erabaki zuten arte. Apirilaren 23tik 29ra ZIUn jarraitu zuen, eta apirilaren 29az geroztik solairuan dago.
Zelan dago orain?
Bere egoera klinikoa hobea da, baina fisikoki eta birika aldetik oso ahul dago. Aita animoz ondo dago orain, baina birika eta fisikoki oso ahul. Oso argala da, eta ezin da bere ohean eseri. Horregatik da garrantzitsua gure kasuan fisioterapeutaren tratamendua. Gainontzekoan, Urdulizeko ospitalean jarraitzen du, solairuan.
Eta zuek?
Gu orain lasaiago gaude, baina egun oso gogorrak izan dira: berarekin ezin egotea, bakarrik dagoela jakitea, berriro ikusiko duzun ez jakitea, nire 8 hilabeteko semea ezin ikustea, eta pentsatzea agian ez duela bere aitonaz gozatu ahal izango... Oso gogorra izan da dena.
Erietxean bizitako zenbait egoera salatu dituzu sare sozialetan. Zer dela eta?
Tarte guzti honetan gauza asko pasatu dira. Adibidez, apirilaren 3an, aita ZIUn sartu zenean itotzen ari zela sentitu eta laguntza botoia sakatu zuen. Denbora asko pasa zen laguntza heldu arte, botoiak ez zuelako ongi funtzionatzen. Nire ustez, oso akats larria da. Egia da gaixoak uneoro daudela kontrolpean eta monitorizatuta, baina ez dakite eriak zein sentsazio dituen.
“Oso akats larria da laguntza botoia sakatu eta laguntza heldu arte denbora asko pasatzea”
Apirilaren 23an -guztia hasi zenetik 20 egunera- atera zen nire aita hoditeria fasetik, eta, berriro ere, laguntza botoiari ematean funtzionatu gabe jarraitzen zuen.
Horrez gain, nire aitari fisioterapia tratamendua ezarri zioten sendatzeko. Saioekin hasi egin zen, baina hiru egunez bakarrik. Aita bezalako gaixoentzat oso beharrezkoa da tratamendu hori, baina hodiei lotzean saioak alboratu egin zizkioten eta atera zenetik ez du tratamendurik jaso.
Fisioterapia tratamendua eten diotela diozu. Zer dela eta?
Esan digutenagatik fisioterapeuten gabezia dutelako da. Duela egun batzuk, profesional hauek kontratatzeko arazoak zituztela esan ziguten. Ustez, “goiko” batek ez du fisioterapeuten kontratazioa berritu. Lotsagarria iruditzen zait. Gaur egun urjenteki konpondu behar da tratamendu hau, errekuperazio arinagoa eta hobea izan dadin.
Azken asteotako kezkarik handienetako bat osasun-sistemaren arreta izan da. Nola ikusi duzu zerbitzua?
Alde batetik, konforme gaude medikuek oso ondo artatu dutelako, eta aurrera egin dutelako. Eta, bestetik, oso haserre, ez delako jasotzen ari birikak eta fisiko berreskuratzeko tratamendua, laguntza botoien huts egiteengatik, eta aiten gauzen galeragatik.
Izan ere, solairura itzultzean, zenbait ondasun galdu dizkiote: bere arropa guztia, kartera, eta besteak beste bere audiofonoa (4000€ baino gehiagotan zenbatetsia). Hau ere larria eta tamalgarria iruditzen zait.
“Solairura itzultzean, zenbait ondasun galdu dizkiote: bere arropa guztia, kartera, eta besteak beste bere audiofonoa (4000€ baino gehiagotan zenbatetsia)”
Edozelan ere, oso eskertuta gaude ospitaleko osasun guztien lan izugarriagatik. Haiek ez dira tratamendu fisioterapeutaren faltaren erantzuleak eta. Ezinbestekoa da gaixoek errekuperatzeko beharrezko baliabide eta tratamenduak izatea.
Zuen kasuan, behar bezalakoak izan dira jasotako arreta eta zaintza?
Senide gisa jaso dugun arretari dagokionez ari bazara, oso gustura gaude: egunero dei bat egin ziguten aitaren egoeraz hitz egiteko eta gure zalantzak argitzeko.
Gaixoak bakarrik egon behar izatea, zelan bizi dute eriek eta familiek?
Oso gogorra da. Ezin laguntzea, berarekin egotea, berriro ikusiko ote duzun jakitea... Gaixoen aldetik berdin: dena da askoz gogorragoa bakardadeagatik.
Kaltetu eta herritar gisa, zer gogoeta egiten duzu egoerari buruz?
Hausnarketa, oro har, oso zaila da argudiatzea. Izan ere, erietxe eta gunearen arabera hobeto edo txarrago antolatuta dago kontua. Gaixoen larritasunak nabarmen eragiten du horretan. Jendarteari dagokionez, osasun zerbitzu publikoan aurrekontu handiagoa eta hobekuntzak eskatu beharko genituzke.