Sektoreak erakundeen "erabateko utzikeria" kritikatu du, eta antolatzeari ekin diote: "Ikuskizunetako teknikariak izan ginen lehenak lana eteten, eta azkenak izango gara eszenara itzultzen". Egoitz Palacios amurrioarrak egin du bat, besteak beste, dinamikarekin: "Ikus-entzunezko sektoreko enpresen jarduera-kantitatearen menpe gaude. Haien plantillak errendimendu betean daudenean itzuliko gara agertokietara. Baina nola biziraun ordura arte? Zer nolako laguntza jasoko dugu larrialdi egoera amaitzean, diru sarrerarik gabe gure egoerak larrialdizkoa izaten jarraitzen badu?".
Oharrean erantsi dutenez, prekarietatea da nagusi foku eta bozgorailuen atzeko langileengan. Asteburu eta gauetako 16 orduko lanaldi amaigabeak jarri dituzte adibidetzat. Izan ere, ez dute hitzarmen kolektiborik, eta "urtean BEZ eta PFEZ zergez gain, gutxienez 3.400 ordaindu behar izaten dituzte autonomoen kuotagatik. "Beharrizan hutsagatik izan behar gara autonomo", argitu dute.
Konponbidea, urruti
Baztertuta eta engainatuta. Hala sentitzen dira sektoreko beharginak, Palaciosen aburuz: "abandonatuta eta engainatuta sentitzen garela salatu nahi dugu". Informazio zuzena eta babesa jasotzeko beharra dute, azpimarratu duenez. "Baieztapenak ez dira batere itxaropentsuak, babes eta konponbide ezaren aurrean 2021eko udazkenaz ari gara", dio.
Eusko Jaurlaritzak kulturara laguntza berri bat bideratu du. Ez da aski izango, ordea, soinu teknikarien iritziz: "Gure isiltasuna ez da erosten Eusko Jaurlaritzak kulturari emango dion laguntza barregarriarekin. 2.5 milioikoa da, eta ez da bateragarria mundu guztiak eskatu duen Espainiako Gobernuak aurretik ateratakoarekin, oso txikia delako eta pertsona gutxik eskuratu ahal izango dutelako azpikeriaz jositako diru-laguntza hori". Hargatik, oinarriak aldatzeko eskatu dute, "ozen eta argi, 'eta gurekin zer?' esateko unea da".