Proposamen sorta bat plazaratu dio Amurrioko EH Bilduk udalari, COVID-19ak sortutako ondorioei aurre egiteko. Tokiko erakundearen baliabideekin 740.000 euroko funts bat sortzea proposatu du oposizioko taldeak.
Diru hori hainbat alorretan banatzea da EH Bilduko kideen ideia. Proposamen horren arabera, 515.000 euro bideratuko lirateke Enplegu Planetara, Enpresa Txiki eta Ertainetara eta herriko tokiko merkataritzako beharginen prestakuntzara. 60.000 euro gizarte zerbitzuetako laguntza osagarrietara joango lirateke, eta beste 50.000 euro arlo hori indartzera.
60.000 euro ostalaritzara
Horrez gain, beste 60.000 euro inbertituko lirateke urteko bigarren seihilekoan programazio kultural bat eskaintzeko eta “ostalaritza dinamizatzen lagunduko duen plan bat” garatzeko. “Bestalde, 15.000 euro kultura sustatzen duten udal-instalazioak indarrean dauden osasun-neurrietara egokitzeko erabiliko dira”, zehaztu du talde politikoak.
Hezkuntza eta euskarara ere bideratu nahi dute dirua, 33.000 euro zehazki. “Haur eta nerabe askok aukerak murriztuta dituzte, besteek baino baliabide gutxiago dituztelako. Beraz, berehala jardun behar da pairatzen duten babesgabetasun-egoera horri aurre egiteko eta egoera hori konpentsatzeko”.
Iñaki Ibarluzea zinegotziak nabarmendu du beharrezkoa dela herritarrak koronabirusetik babestea, “baina baita langabeziatik, pobreziatik, bazterkeriatik, zorretatik eta etxegabetzeetatik ere. Politika desmerkantilizatzeko eta bizitza erdigunean jartzeko garaia da”.