EH Bilduk “kapitalismoak sortutako krisi estrukturala” kritikatu du gaur eguerdian Amurrion egindako mitinean, eta politika “herriarentzat” izan behar dela azpimarratu du Arnaldo Otegi alderdiko Idazkari Nagusiak.
Harira, “kapitalismoak diruaren, eta ez herritarren, inguruan” sortzen dituela gizarteak esan du, eta EH Bildu jarri du “prekarietatearen, mozketen, inperialismoaren eta autoritarismoaren” munduaren kontrako alternatiba eraginkorrena bezala.
Bestalde, Eba Blancok, Arabako zerrendako bigarrenak, Santiago Abascalen kontra jo du eta “faxismoa” dakarrela ziurtatu du mitinean.
Era berean, “muturreko eskuma zeroan uztea” dela helburuetako bat ere gehitu du. EAJk eta PSE-EEk izandako koalizio gobernantzari dagokionez, EH Bilduk irabaztekotan, bi alderdi horiek egindakoak konponduko dituztela esan du.
Azkenik, Aiaraldeak pairatzen duen soldata-arrakala eta, EAEkin alderatuta, pobrezia egoera handia EAJren politiken ondorioetako bat dela kritikatu du, eskualdea “ahaztuta” izan baitute jeltzaleek bere aburuz.
Mikel Otero Arabako zerrendaburuak, berriz, Covid-19ak utzitako hildakoak gogorarazi eta gero, Bilduk presoak Euskal Herrira hurbiltzeko borrokatzen jarraituko duela komentatu du.
Ekonomiari dagokionez, krisiak gaur egungo sistemaren ahultasuna agerian utzi zuela esan du, nahiz eta, bere ustez, panorama soziopolitikoa argitzen lagunduko duen, “kareta asko eroriko dira”.