ATAXIA-TELANGIEKTASIA GAIXOTASUNA

“Aiarako maratoi solidarioa” egingo du Spiderabelek igandean

Txabi Alvarado Bañares 2020ko uzt. 3a, 17:00
Amurrio eta Aiara zeharkatuko ditu Abel Fernandezek. / A.F.

Ataxia-telangiektasia  gaixotasuna ikertzeko dirua biltzea izango da ekimenaren helburua. 

Ekimen solidario berria jarri du abian Abel Fernandez "Spiderabelek". Kirolari amurrioarrak maratoia gauzatuko du igande honetan, 8:30ean Amurrioko Juan Urrutia plazatik abiatuta. Murga, Luiaondo, Arespalditza, Zuhatza, Menagarai eta Kexaatik igaroko da korrikalaria.

“Pablo Mas, Oinkariakeko kideak, osatu zuen ibilbidea. Erakutsi zidan eta primerakoa iruditu zitzaidan”, azaldu du Fernandezek. Bere hitzetan, konfinamenduan eginiko kalejiretan sortu zen egitasmo berri hau egitearen ideia, “kolofoi” gisa. Modu horretan, itxialdian etxean geratu diren herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkie lasterkariak.

Ataxia-telangiektasia gaixotasuna ikertzeko dirua biltzea izango da ekimenaren xedea. “AEFAT elkarteari emango zaio biltzen dugun diru guztia”, nabarmendu du Fernandezek. Bere hitzetan, “une latzak” bizitzen ari dira elkarte horretako kideak: “Konfinatuta egon dira arrisku handian dauden pertsonak izanda, eta pairatzen duten gaixotasunaren gaineko ikerketak gelditu egin dira, COVID-19a dela eta. Zurich aseguru enpresak diru ugari ematen zien eta hori ere geldirik dago”.

Gauzak hala, egoera desblokeatzea izango da korrikalari amurrioarraren helburua. “Ikus dezatela hemen jarraitzen dugula, eurak babesten, borrokan”. 

Produktu sortak emango dizkiete argazki onenak egiten dituztenei eta Spiderabelek maratoia burutzeko baliatzen duen denbora asmatzen duenari. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide