EUSKO LEGEBILTZARREKO HAUTESKUNDEAK

"Eusko Legebiltzarren dugun ordezkaritza sendotzea eta handitzea da helburua"

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 9a, 08:00

Estibaliz Larrauri Amurrioko herrigunean. / Aiaraldea.eus

ESTIBALIZ LARRAURI (Amurrio, 1981) EAJko Arabako zerrendaren 6. hautagaia da. Bukatu berri den legealdian aritu da eta hauteskundeen helburuei buruz mintzatu da, besteak beste.

Lehenik eta behin, nor da Estibaliz Larrauri?

38 urteko amurrioarra eta bi seme-alaben ama naiz. Aresketa Ikastolan eta Zaraobe Institutuan ikasi nuen. Euskalduna naiz, HE4a dut, ingelesa menperatzen dut eta frantsesezko ezagutzak ditut. Zuzenbidea ikasi nahi nuela argi izan nuen beti, eta zientzia ekonomikoek ere erakartzen nindutenez, Zuzenbidea espezialitate ekonomikoarekin ikastea erabaki nuen.

2004an lizentziatu eta berehala abokatu bulego batean hasi nintzen lanean, zerga arloan. Ondoren, hirigintzan eta ingurumenean espezializatu egin nintzen, eta 2006an herri-administrazioan hasi nintzen lanean, lehenengo bitarteko funtzionario moduan, 2011n karrerako funtzionario plaza atera nuen arte, zehazki, teknikari juridiko gisa. 

Unibertsitateko bizitzak ere beti erakarri nau. Hala, UPV/EHUn Oinarrizko Eskubideetan eta Botere Publikoetan doktorego aurreko master ofiziala egin nuen, eta orain irakaslea naiz Euskal Unibertsitate Publikoan, Administrazio eta Ingurumen Zuzenbidean. 

Politikan modu aktiboagoan edo pasiboagoan parte hartu izan dut, nire une pertsonal eta laboralaren arabera. 2016an, EAJ-PNVk Legebiltzarrerako bere zerrendetan parte hartzeko aukera eman zidan, amaitu berri den legealdian legebiltzarkide izan naizelarik, eta orain hurrengo agintaldirako konfiantza berretsi didate.

Noiz erabaki zenuen politikagintzan sartzea eta zergatik?

Beti interesatu zait arlo politiko eta publikoa. Abertzalea naiz, eta herri honekiko sentimendu sendoa dut, nire herria maite dut. Esan dudan bezala, politikarekin izan dudan harremanak hainbat une bizi izan ditu, nire lan-baldintza eta egoera pertsonalen arabera.

"Politikan modu aktiboagoan edo pasiboagoan parte hartu dut nire une pertsonal eta laboralaren arabera"

Urte batzuetako ahaleginaren eta sakrifizioaren ondoren, langile publiko gisa lanpostu finkoa lortu nuenean, denbora gehiago, eta beste ikuspegi batetik, eskaini ahal izan nion nire betiko kezketako bati: politikari.

Niretzat, gure herriaren egungo eta etorkizuneko bizitzako erabakietan parte hartzeko modua da, erakunde publikoetatik pertsonei lagundu ahal izatea eta gure herrian bizi-kalitate handiagoa izatea. Izan ere, dena eguneroko kudeaketa publikotik hasten da.

Eusko Legebiltzarrean esperientzia duzu jadanik. Nola baloratzen duzu azken legealdian bizitakoa?

Ia 4 urte hauetan asko ikasi dut maila guztietan, oso esperientzia aberasgarria izan da, pertsonalki eta profesionalki. Arlo garrantzitsuetan lortutako akordioei balioa eman nahi nieke, eta hori guztia euskal herritarren bizitza hobetzeko helburuarekin.

Izan ere, akordioa lortzeko, alde guztiek amore eman behar dute, hasierako posizioetatik mugituta. Hala ere, horri kontrajarrita, interes alderdikoi edo apetatsu hutsengatik batzuetan bizi izan dugun blokeoa jarriko nuke, benetako funts-edukirik ez duena, estrategia politikoa besterik ez. Hori da etsigarriena.

Zein da zure balorazioa Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren krisialdiari dagokionez egindako kudeaketari buruz?

Krisialdi honi oso era egokian aurre egin zaiola ikusten dut. Kontuan izan behar dugu, bat-bateko pandemia kudeatu behar izan dugula, eta horren ondorio suntsitzaileekin maila emozional, sozial eta ekonomikoan.

"Krisialdiari oso era egokian egin zaio aurre, kontuan hartuta pandemia bat-batean kudeatu behar izan dugula"

Egia da beti dagoela hobetzeko tartea, eta denetarik ikasten dela. Eta gainera, kudeaketa horri ospea kentzen saiatu diren taldeak egon diren arren, errealitateak eta datuek diote euskal erakundeek eta, zehazki, Eusko Jaurlaritzak, pandemiaren oldarraldiari oso modu egokian egin diotela aurre.

Zein da EAJren programan nabarmenduko zenituzkeen proposamenak?

Gure programa oso zabala eta osoa denez, zaila da zein proposamen nabarmendu aukeratzea. Enplegua, ekonomia suspertzea, berrikuntza, klima, gazteria, hezkuntza eta osasuna dira gure herrialde-konpromiso nagusiak, eta bakoitzak proposamen ugari ditu. 

Enplegu-suspertze ekonomikoan, Euskadiko langabezia-tasa %10etik behera kokatzeko helburu orokorra dugu. Berrikuntzari dagokionez, "Basque Innovation"-en helburua da Euskadi berrikuntzan liderrak diren Europako eskualdeen artean kokatzea.

Gazteen eta familien emantzipazioaren arloan ere hainbat proposamen ditugu, eta horien artean nabarmenduko nuke Gazte Enplegurako Plan bat onartzea, horretarako etxebizitza babestuen %50eko lehentasunezko erreserbarekin, eta gazteen emantzipaziorako laguntzak, etxebizitzaren alokairu-gastuak zein kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-bekak ordaintzeko. 

Era berean, gogor jarraituko dugu lanean, orain arte bezala, bi sexuen arteko benetako eta berdintasunezko familia-kontziliazioan aurrera egin ahal izateko, uko egin gabe kontziliatu nahi dugulako. 

Osasunaren arloan, osasun-sistema publikoa indartzea azpimarratuko nuke. Halaber, adinekoei euren etxeetara zuzendutako gizarte-zerbitzuak hobetzea eta adinekoentzako bizitegi-eredu integrala sustatzea ere dugu helburu. 

Enplegatu publikoei egonkortasuna emateko eta behin-behinekotasuna murrizteko apustu sendoa egiten dugu, batez ere osasun- eta hezkuntza-arloan, LEPen bidez hainbat plaza deituta, ditugun profesional bikainei eusteko eta berriak sartu ahal izateko.

Zein da alderdiaren helburua hauteskundeetan, emaitzei dagokienez?

Eusko Legebiltzarrean dugun ordezkaritza sendotzea eta handitzea, Eusko Jaurlaritza indartsua izateko eta erabakiak lehenbailehen hartu ahal izateko, herritarren beharrei azkar eta eraginkortasunez erantzun ahal izateko. Honen helburua blokeo alderdikoiak saihestea da ere, nahiz eta besteekin akordioak bilatuko ditugun, orain arte bezala. 

"Eusko Legebiltzarren dugun ordezkaritza sendotzea eta handitzea da helburua"

Zergatik uste duzu jendeak bozkatu beharko lukeela zure zerrenda?

Aiaran eta Euskadin, ekainaren 12an, asko dugu jokoan, krisi honetatik nork aterako gaituen erabakiko baitugu.

Gure oraina eta etorkizuna daude jokoan, eta horretarako nahi dugun norabidea aukeratu behar dugu. Beraz, ez da esperimentu edo burutazioetarako garaia.

Ahalik eta lasterren proiektu bat abian jartzeko unea da, eta guk eskarmentua duen eta segurtasuna eta ziurtasuna ematen dituen talde batekin aurkezten gara. Gure autogobernua eta kontzertu ekonomikoa defendatu eta hobetuko dituena, inor atzean utzi gabe. Hitz egin eta negoziatuko duena, akordioak lortzeko benetako borondatearekin. Hain zuzen ere, herri honi egonkortasun politikoa ematen jarraituko diona, baina batez ere egonkortasun sozial eta ekonomikoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide