EIDER GARCIA GOMEZ

“Emakumeak beti egon dira ilustrazioak sortzen, baina espazioa hartzen ez”

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko uzt. 28a, 07:15

EIDER GARCIA GOMEZ (Amurrio, 1996) Mugimendu Feministaren iruditegia ikertu du, sorkuntza eta diseinu gradua ikasi baitzuen. Artelanetan, edertasunetik harago, emakumeen gorputz eta irudikapenekiko gogoeta egin beharra azpimarratu du.

Mugimendu Feministaren iruditegia aztertu duzu. Zer dela eta?

Aiaraldeko Mugimendu Feministaren bilakaera ikertu dut, kartelak baliatuta. Egunerokotasunean kartel horiek egiten ditut, eta komunikazio zein kalerako lan horiek ondo nola egin jakiteko erabaki nuen gradu amaierako lana hori izatea. Nire ibilbide osoan zehar artistikoki garatzeko abiapuntua izan da niretzat Otsemeak taldea.

Zein ondorio atera dituzu ikerketatik?

Urtebete eman dut ikerketa egiten, ehun orritik gorako lana da. Egunerokoan milaka irudi ikusten ditugu.

Oso garrantzitsua da adierazi nahi dena modu garbi eta zuzenean azaltzea karteletan; bestela, mezuak galdu egiten dira, eta transmititu nahi duzuna bidean geratzen da.

Gaur egun, sare sozialetako hizkuntza dira kartelak. Nahi duguna ahalik eta garbien eta modu zuzenean azaltzea da gehien baloratu dudana. Nire kasuan, bilakaera ikusi dut: hasierako karteletan mezua ikusten zen, baina ez zen gehiegi nabarmentzen. 

Orain, fondo txuriak baliatuta, emakumearen irudi eta protagonismoari garrantzia handiagoa ematen diot.

Karteletako irudietan batasun bat egon behar da, nortasuna. Erakutsi edo sortzen dugunak nortasuna adierazten du. Horregatik, inportantea da lan-lerro berdinetan edo antzekoekin jokatzea: tipografi ak, kolore antzekoak, ilustrazioak...

Diseinuek izaera izan behar dute, nire ustez. Eraso matxisten aurrean Emakunderen kartelak edo Mugimendu Feministarenak begiratuta, aldea ikusten da emakumeen irudietan agertzen diren jarreretan.

Emakumeen iruditegia ilustrazioen munduan errotua al dago? Bateratua ala anitza da?

Denetarik dago. Badira ilustrazio feministak, baita bestelakoak ere. Emakumearen irudia beti egon da historian zehar artelan guztietan. Historian zehar, garaian garai, aldaketa asko izan ditu, hala ere. Garai bakoitzean emakume artista garrantzitsuak egon dira, bestelako ikuspegia eman diotenak emetasunari. Ez dute zerikusirik gizonezkoek egindakoekin; edertasunean oinarritzen dira horietako gehienak, eta idealizatutako neskak dira, kanonei egokituak. Famatuak ez izan arren, emakume sortzaile ugari daude.

“Historia ez zaigu heldu, nahiz eta emakumeak ilustrazioak sortzen zituztela jakin, ez zaie aitortzarik egin. Margolanak dira gehien iritsi zaizkigunak, baina garai bakoitzak bere artista eta ezaugarriak ditu”

Historian zehar, noiz hasi ziren emakumeen lanak bistaratzen?

Beti egon dira emakumeak ilustrazioak sortzen, baina espazioa hartzen ez. Historia ez zaigu heldu, nahiz eta aritzen zirela jakin, ez ditugu ikasi, ez zaie aitortzarik egin. Margolanak dira gehien iritsi zaizkigunak, baina garai bakoitzak bere artista eta ezaugarriak ditu. Ikerketako lehen fasea 1800-1900. urteen ingurukoa da, orduan hasi baitzen kartel modernoa definitzen: kabaretetako emakumeak agertzen dira batez ere, Frantzian sortu baitzen.

Uste duzu kartelgintzak gaur egun genero ikuspegia barne hartuta daukala?

Sortzailearen araberakoa da hori. 1960-1970eko hamarkadan arte feministaren korrontea hasteak badu eragina, Barbara Kruger da horren eredua. Gaur egun artista eta diseinatzaile asko daude, batzuk feministak, baina beste asko ez; jendartean bezala.

Ikerlanera itzulita, emakumeen aldarriak eta aniztasuna oso presente egon dira Aiaraldeko Mugimendu Feministako karteletan. Nik egiten ditudanez, saiatzen naiz karteletan emakume ezberdinak sartzen, emakume guztiak identifikatuta edo parte sentitu daitezen. Irudi gehienak Internetetik hautatzen ditut, nahiz eta horrek asko mugatu. Aurkitzen dudanaren araberako irudia sortzen dut.

Zeri jarri beharko litzaioke arreta ikuspegi feminista presente egoteko sorkuntza lanetan?

Batez ere gorputzen eta emakumeen irudikapenari.

Zein rol hartzen dute? Zein botere edo espazio dute?

Artea beti doa edertasuna bilatzera, baina beste hamaika gauza daude irudikatzeko. Niretzat hori da garrantzitsuena: gorputzekiko hausnarketa. 

Estilo propioa agerikoa da zure lanetan. Noiz hasi zinen ilustrazioak garatzen?

Duela 6 bat urte. Emakumeen ekintzak agertzen diren argazkiak gustatzen zaizkit. Ez dute zertan kaleko irudiak izan, etxeko lanetakoak ere erabili ditut askotan. Irudi horiei testuingurua aldatzea da nire estiloa. 

"Emakumeen ekintzak agertzen diren argazkiak gustatzen zaizkit. Irudi horiei testuingurua aldatzea da nire estiloa. Beste zentzu bat ematen saiatzen naiz beti"

Esaterako, aurrekoan eltze batekin kozinatzen zegoen amona baten irudiarekin, iraultza feminista prestatzen zegoela adierazi nuen, haurren bazkariaren ordez. Beti saiatzen naiz beste zentzu bat ematen.

Kultur aniztasunaren presentzia erraz somatu daiteke zure sorkuntzetan.

Bai, nahiz eta irudi gehienetan emakume txuriak agertu. Historian zehar badakigu nortzuk izan dituzten baliabideak argazkiak ateratzeko eta nortzuk ez. Horregatik, hainbat jatorri eta koloreko emakumeak txertatzen ahalegintzen naiz.

Aurrekoan Estatu Batuetako emakume esklabu batekin tematu nintzen (janzkeran nabari zaio) eta eraldatzeari begira, arma bat sartu nion, autodefentsa feministaz armatuta ahaldundutako pertsona irudikatzeko.

Emakume borrokalariak askotan hautatu ditut, irudiei indarra emateko, mobilizazioetarako karteletan batez ere.

Sortzaile gisa, nolakoa izan da zure bilakaera?

Oso argi dut nahasmena zuten euskarrietatik sinplifikaziora jo dudala. Hasieran ez nekien diseinuaz gehiegi: besteen lanetan oinarritzen nintzen inspiraziorako. Gerora, nire gustu edo erreferente historikoei jarraituz egin dut bidea.

Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?

Barbara Krugerrek asko eragin dit. Berak zuri-beltzeko irudiak erabiltzen zituen, eta testua karratu barruetansartzen zuen. Errusiar abanguardien kutsu bat ere badut, kartel sobietarrena. Borroka edo aldarrietarako influentziak dira hauek, beste modu batean hasi zirelako kartelak egiten orduan. Simonismo edo modernismo garaiko karteletatik urruntzen naiz..

Aurrera begira, artista moduan, zeintzuk dira zure erronka edo ametsak?

Orain arte mural, kartel eta arropa diseinuak egin ditut, baina oso paperekoa naiz, ez nuke jakingo esaten euskarri horietatik gehien zein gustatzen zaidan. Nire irudietan oinarrituta animazioak egiten ikastea gustatuko litzaidake, jendeak arreta gehiago izan dezan irudi horietan, sare sozialetarako batez ere. Orain arteko ekarpenak militante bezala egin ditut, baina etorkizunean lan munduan diseinu grafikoan aritzea gustatuko litzaidake, eta ekarpenekin uztartzea.

Sortzaile gaztea izatea aukera ala oztopoa da?

Aukera bat da nahi duzuna egiteko eta hezteko, gustatzen zaizuna bilatzeko. Denborarekin edo adinean gora joanda, mugak dituzu. Gaztea izatea esperimentatzeko aukera paregabea da, beraz. Garaian garaiko baldintza eta onurak aprobetxatu behar dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide