ANE MURGA ETA ANE ALDAMA

"Eskupilotan zein palan frontoiak emakumez betetzea nahiko genuke"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abu. 10a, 10:21
Ane Aldama eta Ane Murga, txapela jantzita. / A.A

Arabako pala txapelketa irabazi zuten aurreko astean Ane Murgak eta Ane Aldamak. Lehiaketaren nondik norakoez eta kirolaren egoeraz mintzatu dira.

30-12 irabazi zuten Arabako herrien arteko pala txapelketa Ane Murga eta Ane Aldama amurrioarrek. Uztailaren 31n izan zen finala Aretan. "Finalaren emaitzarekin oso pozik gaude, herrien arteko irabazle izateak pozten zaitu, azken finean", dio Ane Aldamak.

Partidari dagokionez, ez zitzaien gogorra egin, "eguzkiak gehiegi jotzen zuen arren". 

Koronabirusa dela eta, pala txapelketak eragina nabaritu du, Aldamak aitortu duenez. "Uztailean hasi zen txapelketa pandemiaren eraginez, eta horregatik, herri askok ez dute parte hartu".

Ondorioz, 3 norgehiagoka gainditu behar izan dituzte bakarrik: "Hala ere, oso gustura egon gara Ane eta biok txapelketa osoan". Txapelketa irabazita, Gipuzkoa eta Bizkaiko herri txapeldunekin lehiatzea izango dute hurrengo erronka. Horrez gain, uda garaiko partidetara bideratu dituzte indarrak. 

Kirolaren egoerari buruz galdetuta, emakumeak animatzeko mezua zabaldu du bikoteak: "Frontoia ere emakumez betetzea nahiko genuke, bai palan zein esku pilotan. Pala, erraz eta gure inguruko edozein herritan jokatu daitekeen kirola da; eta, gainera, hainbat herritako gazteak ezagutzeko aukera ematen du. Modu honetan, Aiaraldeko neska gazte guztiak animatzen ditugu gurekin batera frontoian palaz gozatzera".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide