Asier Benito Sasiain izan da CD Numancia de Soriaren 2020/2021 denboraldirako bederatzigarren fitxaketa. Soriarrek adierazi dute amurrioarra apustu sendoa dela 2. mailako igoera eskuratzeko eta asteazkenean Los Pajaritos futbol zelaian aurkeztu zuten.
Hortaz, Benitok 2. B mailan jokatuko du hastear dagoen denboraldian, iaz Ponferradinan lehiatu ostean 2. mailan. Han 7 aldiz izan zen titular eta 2 gol egin zituen. Ponferradinara zein Numanciara heldu da SD Eibarren eskutik. Talde armagilearekin dauka, berez, kontratua amurrioarrak.
Hain zuzen, orain arte Mendilibarren aginduetara egon da Asier Benito. Amurrioko kirolaria, gaztea izan arren, ibilbide luzea bete du jadanik, Alaves eta Athletic Clubeko filialekin jokatu baitu Eibarrek fitxatu baino lehen.