Ezohiko Udal Osoko Bilkura berezia egin zuten atzo Amurrion. Alkate eta zinegotzi izateari utzi zion Josune Irabienek, bi kargu horietan ia hamarkada batez egon ostean. Modu horretan, Txerra Molinuevok hartu zuen lekukoa gobernuburu berri gisa.
Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendari izango da Josune Irabien aurrerantzean. Horregatik utzi behar dio Amurrion ordezkari izateari, bi karguak bateraezinak direlako.
EH Bilduren kritikak
Ezohiko Udal Osoko Bilkura ospatu edo ez bozkatu zuten lehenbizi. Talde politiko guztiek bozkatu zuten alde, EH Bilduk izan ezik. Koalizioko kideek salatu zuten alkate berria hautatzea “oso gai delikatua” dela, eta aurreko egunera arte ez zutela albistea jaso.
Iñaki Ibarluzea bozeramaileak kritika zorrotza egin zion Josune Irabien eta Txerra Molinuevoren arteko kargu eskualdaketari. Bere ustez, “hauteskundeak baino lehen” erabaki zuten EAJko kideek Irabienek kargua legealdia amaitu baino lehen utziko zuela. Gauzak hala, hauteskunde kanpainan eginiko promesak “ezerezean” uztea leporatu zien oposizioko taldeak jeltzaleei.
Josune IrabieneK gogor erantzun zien Ibarluzearen adierazpenei. Esandakoa “estilo falta handia” zela nabarmendu zuen, eta hitza ez betetzea leporatu zion EH Bilduri, talde politiko horrek aurreko egunean izandako bilera batean aipatu zuelako ez zuela gaiari buruz ezer esango plenoan.
Alkateak kargua utziko zuela "hauteskundeak baino lehen" planteatzea leporatu zien EH Bilduk jeltzaleei. Irabienek gogor erantzun zien kritika horiei, opozisioko taldeari "estilo falta handia" izatea egotzita
Irabienek azaldu zuen gobernuburu izan den bitartean lau aldiz izan dituela beste lan eskaintza batzuk mahai gainean, eta beti “irmo” mantendu dela alkatetzan. “Oraingoan ere, ahalegin handia egin dut zinegotzi kargua gutxienez mantentzeko, baina ezin izan dut egin, bi karguak bateraezinak direlako”.
Eskerrak
Josune Irabienek eskerrak eman zizkien alkate izan den bitartean ondoan izan dituen pertsona guztiei. “Sufritu ditudanak niretzako gordeko ditut, mezu baikorrak zabaltzea baitagokigu, are gehiago pandemia garai hauetan”. Politika duintzearen eta emakumeen partaidetza politikoa handitzearen aldeko mezuak ere zabaldu zituen ordura arteko alkateak.
Oposizioaren adierazpenak
Orain Amurrio taldeko Kepa Gonzalezek zorte ona opatu zion Irabieni bere ibilbide profesional berrian, eta Eusko Jaurlaritzan izango duen karguan Amurrioren alde jarduten jarraitzea eskatu zion. Antzeko adierazpenak egin zituen PSE-EEko David Romerok ere.
EH Bilduk ere aitortu zuen Irabienek urte hauetan zehar eginiko lana. “Kritika politikoa eta pertsonala bereizten ditugu”, argitu zuen Ibarluzeak, “eztabaida eta tira-bira asko izan ditugun arren, urte hauetan guztietan herriaren alde eginiko lana eskertu nahi dizugu”.
Pertsonak udal-politiken erdigunean jartzea izango da udalaren helburu nagusia aurrerantzean, Txerra Molinuevoren hitzetan
Txerra Molinuevoren adierazpenak
Irabienek kargua utzita, Txerra Molinuevo izendatu zuten alkate. 2019ko hauteskundeen osteko emaitzak errepikatu ziren atzokoan ere: Orain Amurriok eta EH Bilduk euren hautagaien alde bozkatu zuten, eta PSE-EE jeltzaleen alde lerrokatu zen, aurreikusi zitekeen bezala.
Aginte makila hartuta, Molinuevok hartu zuen hitza. Eskerrak eman zizkion Irabieni urte hauetan guztietan eginiko lanagatik. “Bera da nire erreferente politikoa”, erantsi zuen. Senide eta lagunei, aldiz, “eskerrak zein barkamenak” eskatu zizkien, alkate karguak denbora asko kenduko diola ulertuta.
Aurrera begirako erronkei dagokienez, aldiz, lehentasuna “osasunean” jarriko dutela iragarri zuen alkate berriak. “Enplegua eta gizarte zerbitzuak indartuko ditugu, pertsonak udal-politiken erdigunean jarriz. Eskua luzatzen diet talde guztiei horretan aritzeko, denon artean lortuko baitugu aurrera ateratzea”.