Durangoko Azokarekin elkarlanean, kontzertuak antolatu ditu Burubiok abendurako

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko aza. 22a, 15:50

Ez da Euskal Herriko bira baterako Burubio hautatzen duten lehen aldia. / Aiaraldea.eus

2019 eta 2020 urteetan diskoa kaleratu duten sortzaileak bultzatzea izango da xedea. Durangoko Azokak Euskal Herriko beste 9 tokitan antolatuko ditu disko aurkezpenak.

Abenduaren 6an eta 7an hiru kontzertu egongo dira Amurrioko Burubio kulturgunean. Izate Faltsua eta Rodeo taldeak taularatuko dira abenduaren 6an 18:00etan; eta Sara Zozaya izango da hurrengo eguneko jaialdiko protagonista, 19:00etatik aurrera. Sarrerak www.durangokoazoka.eus atarian eskuratu ahalko dira. 

Pandemia dela-eta, 9 herritara zabalduko dute Durangoko Azokako eskaintza. Sare sozialetan argitaratu dituzte dinamikaren baitako kontzertu guztiak. Ondorengoak dira azoka ordezkatuko duten aretoak:

  • Atarrabiako Totem
  • Azpeitiako Soreasu
  • Donostiako Badadaba
  • Donostiako Doka
  • Bermeoko Kafe Antzokia
  • Amurrioko Burubio 
  • Gasteizko Jimmy Jazz
  • Ondarruko Bekozini
  • Bilboko Euskalduna

Burubioko kideek sare sozialetan zabaldu zuten atzo ekimenaren berri: "Garai zailak dira kulturgileentzat, zaleentzat eta kulturarentzat orokorrean; horregatik beharrezkotzat ikusten dugu aurrerapauso bat ematea". Testuinguru horretan kokatu dute Euskal Herriko zenbait aretotan hainbat artisten kontzertu bira antolatzea. Zehazki, abenduaren 5etik 8ra izango dira emanaldi guztiak. 

Ildo beretik, kultur zale denei luzatu diete parte hartzeko deia: "Kultura segurua eta beharrezkoa da. Ekitaldietan ikusiko dugu elkar, ez utzi kultura itzaltzen". 

Honakoa ez da Euskal Herriko bira baterako Burubio aukeratzen duten lehen aldia. Duela urtebete Berri Txarrak taldeak bertan eskaini zuen agur kontzertua, esaterako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide