Herri plataforma sortu dute Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte auzipetuei elkartasuna adierazteko

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urt. 7a, 20:13

ANkerkeriari STOP! plataforma aurkeztu dute gaur Gasteizen, urtarrilaren 21 eta 22an Madrilen epaituko dituzten gazteei elkartasuna ematea helburu. Urtarrilaren 16an manifestazioa egingo dute hiri arabarrean, Andra Mari Zuriaren Plazatik.

Urtarrilaren 21 eta 22an epaituko dituzte, Madrilgo Entzutegi Nazionalean, Galder Barbado amurrioarra eta Aitor Zelaia gasteiztarra. Fiskaltzak 8 urteko espetxe zigorra eta 7 urteko baldintzapeko askatasuna eskatu du bi gazteentzat. Testuinguru honetan ANkerkeriari STOP! dinamika aurkeztu dute gaur, bi auzipetuen aldeko elkartasun dinamika bat abian jartzeko.

"Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren aurkako auzia beste oztopo bat gehiago da, baketik urruntzen gaituena eta iraganeko amesgaiztoak gogora dakarzkiguna" azaldu dute dinamikaren sustatzaileek Gasteizen egindako agerraldian.

Bi gazteen aurka zabaldutako auzibidea ""lekuz kanpo dagoen kafkiar prozesutzat" jo dute. "Herri honek justizia eskatzen du, elkarri eragindako zauriak sendatzen lagunduko duen justizia, bizikidetza sustatuko duen justizia" aldarrikatu dute.

Atxikimendu kanpaina

Osatu duten manifestuaren aldeko atxikimendu bilketa abiatu dute, ANkerkeriariSTOP.eus webgunean. Atari horretan bertan dinamika bultzatzeko baliabide desberdinak egongo dira ere eskuragarri: Whatssap profileko argazkia aldatzeko irudia, edota sare sozialetan atxikimendu argazkiak elkarbanatzeko kartel ereduak, besteak beste.

Asanblada informatiboak eta mobilizazioak

Amurrion, urtarrilaren 11n dute jarrita elkartasun dinamikaren baitako lehenengo hitzordua: asanblada informatiboa egingo dute auziaren eta elkartasun dinamikaren nondik norakoak azaltzeko.

Urtarrilaren 16an, dinamikaren mugarri nagusia izango den herrialde mailako manifestazioa egingo dute Gasteizen; arratsaldeko 17:30ean Andra Mari Zuriaren plazatik hasita. Epaiketaren egunetan -urtarrilak 21, 22- mobilizazioak antolatuko dituzte Amurrion eta Gasteizen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide