Herri kirolen puntako norgehiagokez gozatzeko aukera egongo da Amurrion datorren igandean, urtarrilak 17. Arabako Emakumezkoen Zakulari eta Ingude Txapelketak jokatuko dira, Gizonezkoen kategoriako trontza norgehiagokarekin batera. Udal frontoian izango da kirol topaketa, 12:00etatik 13:30era bitartean.
Antolatzaileek nabarmendu dute segurtasun neurri guztiak beteko direla. Sarrera doakoa izango da, gehieneko toki-kopurua bete arte. “Txapelketak desentralizatzeko” helburuarekin mugitu dira Amurriora, norgehiagoka gehienak Gasteizen egiteko joera dagoelako.
Igandean zen ospatzekoa, bestalde, San Anton azoka, tokiko ekoizleen postuekin eta txerriaren enkantearekin. Baina antolatzaileek azaroan jakinarazi zuten aurtengo zita bertan behera utziko zutela.