Atzo hasi eta gaur bukatu da Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen aurkako epaiketa. 10:30ean hasi da epaiketaren bigarren saioa Madrilgo Entzutegi Nazionalean.
Peritu judizialen txanda izan da gaur. Ertzaintzak egindako instrukzioetan hartutako ebidentzien gaineko azterketaren nondik norakoak azaldu dituzte. Fiskaltza oso gogor aritu da, perituei galdetegi luzea eginez
Zigor eskaera mantentzea
Lekuko, ertzaintza eta perituen testigantzak entzun ostean, ondorioak aurkeztu dituzte bi aldeek. Fiskaltzak frogatutzat jo ditu akusazioak eta zigor eskaera mantentzea eskatu du: 8 urteko espetxe-zigorra, 7 urteko baldintzapeko askatasuna eta 18 urteko inhabilitazioa.
Defentsa absoluzioaren alde berretsi da. Duranan material lehergarriarekin aurkitutako bidoiaren eta gazteen arteko harremanik frogatu ez dela azpimarratu dute bi auzipetuen abokatuek. "Hainbat gertakarirekin eta auzipetuen militantzia politikoarekin koktail bat egin da txosten juridikoa osatzeko", adierazi Leopoldo Barañanok, Barbadoren abokatuak.
Epaiaren zain geratu da auzia eta, aurreikuspenen arabera, hurrengo asteetan egingo da publiko.
Elkartasuna eta babesa
EH Bildu talde parlamentarioko ordezkariek babesa adierazi zieten atzo Aitor Zelaia eta Galder Barbado auzipetuei. "Onartezina da Arabako gazteen aurkako auziaren atzean euskal herritarrak iraintzen dituen Angela Murillo epailea eta Altsasu kasuko fiskal bera egotea", adierazi zuen Jon Iñarritu diputatuak Auzitegi Nazionalaren atarian.
Gaur arratsaldean mobilizazioa egingo dute Amurrion, ANkerkeria STOP plataformak deituta, 18:00etan Amurrioko Juan de Urrutia plazatik abiatuta.