Gaur abiatu da, Madrileko Entzutegi Nazionalean, Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen aurkako epaiketa. Goizeko hamarretan hasi da saioa eta bihar arte luzatuko da.
Galder Barbadok eta Aitor Zelaiak abokatuen galderei erantzun diete soilik. Bi akusatuek leporatzen zaien ustezko delituekin zerikusirik ez dutela demostratzeko lanak egin ditu defentsak, bai auzipetuei egindako galderetan baita aurkeztutako lekukoen bitartez ere; hots, ez zutela Arabako Durana herrian aurkitutako material lehergarria zuen bidoiarekin inolako zerikusirik.
Barbado izan da deklaratzen lehenengoa. 2019ko otsailean Ertzaintzak bere etxean egindako miaketan atzemandakoari egin dio erreferentzia, bertan aurkitutakoa bere militantzia politikoarekin lotutako dokumentuak zirela azalduz. Ezker Abertzaleko militante bezala aldarrikatu du bere burua amurrioarrak: "Ezker Abertzaleko militantea naiz eta honen estrategiarekin bat egiten dut".
Instrukzioan parte hartu zuen Ertzainek ere hartu dute hitza, Barbadoren etxeko miaketan aurkitutako dokumentuen edukia aletzeko helburuarekin. Aurkeztutako dokumentuak, hain zuzen, bi izan dira: Julen Ibarrola gazteari babesa adierazteko dinamikaren logoa eta Alfredo Remirez preso amurrioarraren senideek, espetxera bisitan zihoazela, jasandako kotxe istripuari erreferentzia egiten zion kartela. Miaketa horretan ez zuten Duranan aurkitutako zuloarekin inolako loturarik aurkitu, eta horrela berretsi dute Ertzaintzako kideek ere defentsaren galderen aurrean.
Jarraipen poliziala ere salatu du Amurrioko gazteak epaiketaren lehenengo saioan. "Urte luzez jasan ditut kaleko polizien jarraipenak eta behin baino gehiagotan salatu izan ditut, salaketa horiek ez dira inoiz inora iritsi". Epaiketan parte hartu duten Ertzainek baieztatu dute, Polizia Nazionala zein Guardia Zibila izan direla Barbadori jarraipena egiten aritu direnak.
Azken eguna bihar
Bihar -urtarrilak 22- berrartuko dute epaiketa berriz, 10:30ean. Angela Murillo da epailea. Fiskala aldiz, José Perals, Altsasuko gazteen auziko berdina. Fiskaltzak 8 urteko espetxe zigorra, 7 urteko baldintzapeko askatasuna eta 18 urteko inhabilitazioa eskatzen du bi gazteentzat.
Amurrion mobilizazioa deitu du ANkerkeriariSTOP plataformak, epaiketaren azken egunarekin bat eginez. Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Amurrioko Juan de Urrutia plazatik.