Merkatu zaharra eta Landazuri etxea birgaituko dituzte Foru Planari esker

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urt. 25a, 11:11

Pertsona nagusientzako eguneko arreta zentro bat egingo dute Landazuri Etxean. / Aiaraldea.eus

3 milioi euroko partida jasoko dute Amurriok eta herriko bost batzar administratiboek hainbat ekipamendu eta obrak gauzatzeko.

Amurriok 2.912.567,77 euroko inbertsioa jasoko du Arabako Foru Aldundiaren Obra eta Zerbitzuen planari esker. Laguntza ekonomiko hori herriko entitaten artean banatuko da hainbat proiektu egikaritzeko.

Udalak 864.477 euroko laguntza jasoko du, herrigunean bi proiektu aurrera ateratzeko: merkatu zaharreko zentro soziokulturala eta Landazuri Etxeko eguneko arretarako zentroa.

Merkatu zaharra

Aldundiaren planaren bitartez, 288.159,04 euroko diru-laguntza jasoko du udalak 894.770,58 euroko kostua izango duen proiektua gauzatzeko. Foru kaleko 9. zenbakian dagoen merkatu zaharra birgaitu eta zentro soziokultural bat atonduko dute bertan.

Erabilera anitzeko espazioa izango da, azokak, erakusketak, kontzertuak edota bestelako ekintzak egiteko azpiegitura eskainiko duena.

Azpiegitura 1976. urtean eraiki zen merkatu bezala erabiltzeko helburuarekin baina urteak daramatza inolako erabilerarik gabe.

Landazuri Etxea

Obra eta Zerbitzuen Foru planak Landazuri Etxean eguneko arretarako landa zentro bat egikaritzea du helburu ere. Horretarako, 1.067.620,30 euroko aurrekontua osatu du udalak eta Foru Aldundiak 576.318,08 euroko diru-laguntza bideratuko du.

Merkatu Zaharrak bezala, mendiko kaleko 19. zenbakian kokatutako Landazuri Etxeak 20 urte baino gehiago eman ditu inolako erabilerarik gabe. Etxearen jabeek dohaintzan eman zioten udalari bertan pertsona nagusientzako espazio bat egiteko helburuarekin. Amurrioko Gazte Asanbladak 2012an okupatu zuen eraikina, hau gaztetxe bihurtzeko asmoz, baina berehala desalojatu zuten.

Obrak 5 batzar administratiboetan

Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren baitako gainerako diru partidak Baranbio, Larrinbe, Lekamaña, Lezama eta Tertangako batzar administratiboetara bideratuko dira.

Baranbion ur-hornidurako sarea berrituko dute, eta Larrinben elizako plazaren urbanizazioa gauzatzeko aurreproiektua jarriko dute abian.

Lekamañan eta Tertangan saneamendu sareko konexioak hobetu, hauek handitu eta Urduñako ur-fekalen araztegiekin lotzeko baliatuko dute diru-laguntza.

Azkenik, Lezaman, horniketa eta saneamendu sareak berrituko dituzte ere, Larrakon eta Latatun kokatutako araztegietan berrikuntzak egitearekin batera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide