Emanaldi berezia prestatu du Aiara Dantza Taldeak gaur Amurrio Antzokian. Urteroko hitzorduari ez diote kale egin, nahiz eta COVID-19ak nabarmen baldintzatu prestaketa eta eszena bera. Alabaina, ikuskizun koloretsu eta bizia eskaini dute talde txikietan bereizitako dantzariek.
Euskal Herriko aratusteak ardatz
Euskal Herriko ohiturak izan dituzte oinarri aurtengo emanaldian, inauteriei lotutakoak batik bat. Hala, pertsonaia eta dantza bereziak tartekatu dituzte arratsalde osoan zehar.
Amurrioko kakarroak izan dira lehenbizikoak oholtzaratzen, Bizkaiko inauterien aurretik. Hala, lamiaz jantzita atera dira agertokira "zinta dantza" egitera.
Lapurdira bidaiatu dute ikus-entzuleek jarraian, Ustaritzera hain zuzen. Hala, kaskarotek hartu dute lekukoa, eta beste hiruzpalau pieza dantzatu dituzte. Makilak, bankuak... orotariko elementuak erabili dituzte, gainera.
Aiaraldea Hedabideak bihar argitaratuko du emanaldi osoaren bideoa
Gipuzkoatik, berriz, sorgin-dantza aukeratu dute eszenaratzeko. Egungo eta galdutako zenbait dantzarekin borobildu dute emanaldia. Modu horretan, "txantxo pikaroa" aurkeztu dute Amurrion, Abaltzisktetako tradizioa bertaratuta.
Zuberoatik, berriz, maskaradako pertsonaia aintzindariak gonbidatu dituzte. "Zuberoan kokatzen dute askok balletaren hastapena", kontatu dute istorioen artean. Nafarroan amaitu dute itzulia, Lantzeko inauteriekin eta momotxorroekin.
Zuzeneko musikarekin eta aurkezlearen kontakizunekin josi dute ikuskizun osoa. Aiaraldea Hedabideak bihar argitaratuko du emanaldi osoaren bideoa.