Eukaliptoaren inbasioa salatuko dute bihar, Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundearen aurrean

Aitor Aspuru Saez 2021ko mar. 23a, 09:25
Baso Biziak taldearen aurkezpen irudia.

Baso Biziak elkarteak elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egingo ditu bihar 16:45ean Amurrio Antzokian, eukaliptoaren hedapen desegokia salatzeko. Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak antolatutako jardunaldiekin bat egingo du mobilizazioak.

Baso Biziak taldeak deialdi publikoa zabaldu du biharko. 16:45ean kontzentrazioa egingo dute Amurrio Antzokian eta, horrez gain, prentsaurrekoa. Bioaniztasuna aldarrikatzen duen kolektiboak "eukaliptoaren neurririk gabeko hedapena" salatuko du eta, bide batez, eskualdeko hainbat jende erakarri nahi du, sarea sortzeko eta jarduera gehiago prestatzeko.

Taldeak azpimarratu du eukaliptoaren landaketa biderkatu dela azken 10 urteotan Aiaraldean eta zenbait datu aipatu dituzte hori adierazteko. Izan ere, 2010ean 338 eukalipto hektarea zeuden eskualdean. 2016an 867 ziren, eta 2018an, aldiz, 1.034. Iaz eukaliptoek okupatutako zabalera 1.789 hektarea ziren. Hau da, %529 hazi da 10 urtetan espezie inbaditzaile horren presentzia.

Basogintzaren industriaren aurrean

Baso Biziak ez du kasualitatez biharko eguna hautatu mobilizazioa deitzeko. Hain zuzen, Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak Amurrio Antzokian egingo duen jardunaldia ere salatu nahi dute.

Taldeak azaldu duenez, basogintzaren industriak Luis Gil ekarriko du bihar Aiaraldera. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko katedradunak sortu zuen txostena eukaliptoa espezie inbaditzailea ez izendatzeko Galizian, nahiz eta erakunde publikoko batzorde zientifikoak kontrakoa eskatu.

Baso Biziak taldeak honakoa erantsi du: "Estatu espainiarreko Consejo Superior de Investigaciones Cientíticas-ek (CSIC) eukaliptoaren eragin kaltegarriak jasotzen dituen txostena egin du. Hala ere, Luis Gil da zuhaitz espezie horren alde egiten duen zientzialari bakarra, besteak beste, basogintza industriak berak ordaindu diolako".

Basoa Fundazioak, bestalde, txioa zabaldu du aferari buruz, azpimarratuta jardunaldien helburua dela eukaliptoaren landaketei buruzko ikuspegi zabalagoa lantzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide