Emakumeen Etxerako aukeratutako kokapena errefusatu du EH Bilduk

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko api. 19a, 10:14
Aiara Etorbideko 7. eta 9. zenbakiak. / Aiaraldea.eus

Aiara etorbideko 7. eta 9. zenbakietan dagoen lokala eskatu dio Amurrioko Udalak Arabako Foru Aldundiari, proiektua bertan garatzeko helburuarekin. "Interes sozialak barnebiltzen ez dituen proiektua" babestuko ez duela adierazi du EH Bilduk. Udalak adierazi du `parte-hartzerako prozesu batek definituko duela behin-betiko kokapena.

Amurrioko Udalak eskatu dio Arabako Foru Aldundiari Aiara Etorbideko 7. eta 9. zenbakietako higiezinaren lagapena, bertan Emakumeen Etxea proiektua garatzeko. EH Bildu udal taldeak aukeratutako kokapena errefusatu du, eta gaineratu du "iritzi teknikoak, politikoak eta, batez ere, interes sozialak barnebiltzen ez dituen proiektua" ez duela babestuko.

Parte hartzerako prozesua

Koalizio abertzaleak gogorarazi du EAJk urte hasieran parte-hartzerako prozesua abiatu zuela proiektuaren definizioa gauzatzeko. Horretarako enpresa bat kontratatu zuen udalak eta kargu politikoekin eta teknikariekin lau bilera egitea adostu zen.

Lehenengo bilera martxoaren 24an egin zela azaldu du EH Bilduk: zenbait esperientzia ezagutu zituzten, eta erabakirik hartu gabe hurrengo bilera apirilaren 14rako jarri zuten. Udalak, ordea, Emakumeen Etxearen kokapena martxoaren 30ean erabaki zuela salatu du udal-taldeak.

"Errutina bihurtu da gobernu taldeak ematen dituen pausoen berri eskualdeko komunikabideen bidez izatea" azpimarratu du Iraide Ortiz San Vicente EH Bilduko kideak. Kokapenaren erabakia nork hartu duen galdegin diote udalari, bai eta Amurrioko Mugimendu Feminista kontuan hartu den proiektuaren gauzapenerako.

Behi-behineko erabakia

Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak adierazi du hedabidetan erabakitzeke dagoela oraindik Emakumeen Etxearen kokapena. Elexondo kaleko lokalean ludoteka kokatzea zen udalaren hasierako asmoa baina Armurulanda plazara eramango dute.

Foru Aldundiari higiezina eskatu besterik ez dutela egin azaldu du, "parte-hartzerako prozesuan erabakiko da Emakumeen Etxea bertan gauzatuko den edo ez".

Mugimendu feministaren bilera

Hain zuzen ere, Emakumeen Etxearen inguruan hitz egiteko bilera deitu du Amurrioko Mugimendu Feministak, biharko -apirilak 20-, arratsaldeko 18:00etan Kultur Etxean. Udalak hartutako erabakia herritarrei eta Mugimendu Feministari bizkar emanda hartu izana kritikatu dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide