Udal diru-laguntzen eta ekipamenduen plana idazteko prozesua onartu izana goraipatu du EAJk

Txabi Alvarado Bañares 2021ko api. 30a, 06:00
Txerra Molinuevo alkateak 60 bilera baino gehiago egin ditu elkarteekin. / EAJ

Atzoko udal osoko bilkuran onartu zen plan horiek osatzeko bideorria, talde politiko guztien aldeko botoarekin. 

Atzo egin zen Amurrioko apirileko Udal Osoko Bilkura. Udal Diru-laguntzen eta Ekipamenduen Plana idaztea ahalbidetuko duen prozesua onartu zen bertan, aho batez.

EAJk oharra plazaratu du hori goraipatzeko. Jeltzaleek nabarmendu dute Txerra Molinuevo alkateak “60 bilera pertsonalizatu baino gehiago” egin dituela azken hilabeteetan udalerriko gizarte-erakunde eta elkarteekin. “Topaketeta horietan gai garrantzitsuak jorratu ziren”, nabarmendu dute oharrean, “hala nola elkarteen egoera eta, oro har, Amurrioko asoziazionismoa, belaunaldien arteko erreleboa, euskararen erabilera, herritarren parte-hartzea, berdintasuna...”.

Bilera horietan jasotako ekarpen guztiak bildu eta “Amurrioko Udalarentzako diru-laguntza plan baten onarpen estrategikoa” proposatu zuen EAJk apirilaren hasieran. Udal-ekipamenduen gida-plan bat onartzea ere jasotzen du proposamenak. "Plan hori duela bi udal osoko bilkura, hau da, duela bi hilabete, martxan jarriko zela esan zen, eta 2022ko urtarrilerako prest egotea espero da, inplikatutako eragile guztiekin batera garatzen jarraitu ahal izateko", aurreratu dute jeltzaleek, “bertan, elkarteen eta euren egoitzen kokapena jasoko da, erabilera arrazionalagoa bilatzeko eta haien beharretara ahalik eta ondoen egokitzeko”. 

EH Bilduri kritika

EAJ “haserre” agertu da gai honen harira EH Bilduk izan duen jokabidearekin, “gehiegizko protagonismoa” bilatu duelakoan. Opozisioko taldeak iragan astean plazaratu zuen gai horri buruzko oharra, baina puntua ez zegoen oraindik Udal Osoko Bilkurako gai-ordenean.

Jeltzaleek aipatu dutenez, EH Bilduk apirilaren 6an aurkeztutako mozioan ez ziren ekipamenduen eta diru-laguntzen planak aipatzen: “Soilik proposatzen zuten batzorde baten deialdia egitea udalerriko klub eta elkarteentzako diru-laguntzak banatzeko irizpideak eguneratzeko, eta osoko bilkurak konpromisoa hartzea irizpide horiek eguneratuta izateko hurrengo aurrekontu-ekitaldia indarrean sartu aurretik”. 

Hala ere, EAJk eskerrak dizkie udal talde politiko guztiei, proposamenak onartzeko erakutsitako prestutasunagatik. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide