Amurrioko Berriak-BM Shop supermerkatuko langileek 2 orduko lanuztea gauzatu dute gaur. Denda itxi ostean, kalejira egin dute eta gero ekitaldia antolatu dute zenbait adierazpen egiteko.
Alde batetik, jakinarazi dute enpresaren eskaintza jaso dutela, baina ez dela nahiko lan baldintza duinak bermatzeko. Gauzak horrela, zuzendaritzak ez badu elementu berririk mahai gainean jartzen, hurrengo ostiralean lanuzte berria egingo dute, 11:00etatik 13:00etara.
Bestetik, beharginek azaldu dute bi mobilizazioetara batuko direla; astelehenean Artziniegan egongo dira 17:00etan La Encina adinekoen egoitzan egondako kaleratzeak salatzeko. Asteartean, ordea, 10:30ean babestuko dituzte Tubacexeko grebalari atxilotuak. Halaber, eskerrak eman dizkiete enpresa horretako beharginei deialdietan parte hartzeagatik eta mugimendu feministari, beti laguntzeko prest egon delako.
Argazkiak: Txabi Alvarado Bañares