Maiatzaren 11n Amurrioko epaitegian deklaratu beharko dute Ertzaintzak atxilotutako Tubacexeko 3 grebalariek

Aitor Aspuru Saez 2021ko mai. 6a, 08:54

Otsailaren 23ko eserialdiko irudia. / Iñaki Montes

Otsailaren 23an atxilotu zituen poliziak hiru langileak eta desordena publikoak eta autoritatearen kontrako atentatua leporatzen dizkie. Tubacexeko sindikatuek iragarri dute mobilizazioa egingo dutela egun berean, beharginak babesteko.

Maiatzaren 11n Amurrioko epaitegira jo beharko dute otsailaren 23an atxilotutako Tubacexeko hiru grebalariek. Epaileak entzungo ditu euren adierazpenak eta poliziak dituen frogekin alderatuta, erabaki beharko du beharginen aurkako akusazioek aurrera jarraitzen duten. Zehazki, desordena publikoak eragitea eta autoritatearen kontrako atentatua egozten die Ertzaintzak langileei.

Mobilizazioak

Deklarazioaren egunean sindikatuek elkarretaratzea deituko dute Amurrioko epaitegiaren aurrean, akusatuak babesteko. Gaur zehaztuko dute ordua, baina litekeena da 10:30ean kontzentratzea 11:30ak arte. Berez, deklarazioak izango dira 11:30etatik 12:30ak arte, baina Tubacexeko ordezkariek hitza hartu behar dute Eusko Legebiltzarrean eta eraikinaren kanpoaldean elkartuko dira ere grebalariak, ziurrenik 12:00etatik 13:30ak arte.

3 atxilotu egun bakarrean

Atxiloketak gertatu ziren egunean istiluak jazo ziren Laudioko Tubacex enpresako lantegiaren atarian, grebalarien eta polizien artean. Beharginek eserialdia egin zuten zuzendaritzaren autobusaren aurrean eta ertzainek borrak eta foamezko balak baliatu zituzten euren aurka. 

Zehazki, bi atxilotu egon ziren goizean eta hirugarrena arratsaldean izan zen. Hainbat langilek zauriak eta kolpeak pairatu zituzten eta ESAN Ertzaintzako sindikatuak salatu zuen 15 agentek zauriturik bukatu zutela. Hori bai, guztiek izan zituzten lesio arinak

Langileetako batek susmatzen du bere itxuragatik atxilotu zutela. Ikur antifaxistadun arropa zeramanez soinean, beharginak uste du poliziak pentsatu zuela ez zela grebalaria.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide