Zabaleko Bizirik! plataformak bere lehenengo mobilizazioa deitu du ostiralerako, Euskal Eskola Publikoaren alde. Gauzak horrela, taldeak deia bideratu die eskualdeko guraso elkarteei, San Jose auzoari eta Amurrioko herritarrei. 17:30ean hasiko da ibilaldia eta Juan de Urrutia plaza izango dute helmuga.
Astelehenean bertan jakinarazi zuen plataformak Eusko Jaurlaritzak Mendiko eta Zabaleko ikastetxeak fusionatzeko asmoa duela. San Jose auzunean kokatutako zentroaren itxiera ekarriko luke horrek.
Handik gutxira, zenbait iturrik aipatu zuten egitasmoa bertan behera utzi duela erakunde publikoak, baina Zabaleko Bizirik! plataformak berak berretsi zuen ez dutela horren berri ofizialik jaso eta, ondorioz, mobilizatzeari ekingo ziotela.