Zabaleko bizirik! Plataforma sortu duzue Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia salatzeko. Nola iritsi zitzaizuen ikastetxea itxiko zutenaren albistea eta nola hasi zineten antolatzen?
Inma Renteria Izaola: Martxoaren 24ra arte Hezkuntza Sailaren asmoa eraikin berri bat eraikitzea zen. Egun horretan esan zitzaigun 15 egunetan aterako zela lizitazioa. Isiltasun tarte baten ostean, bilera batera deitu gintuzten Lakuara. Eskolako zuzendaritza eta guraso elkartea bertaratu ziren. Bertan esan zieten proposamena fusio bat zela, gure ikastetxearen (Zabaleko) eta Mendikoren artean (lehen Lucas Rey zena).
Orduan hasi ginen gurasoak elkarren artean hitz egiten, ez geundelako batere ados. Antolatu eta mobilizatzeari ekin genion, plataforma sortuta. Gurasoak bildu gara bertan, babesa helarazi diguten hainbat elkarte, politikari eta bizilagunekin batera.
Alexei Sanchez Puzo: Hori izan da asmoa: plataforma sortzea beste elkarteekin, politikariekin, funtzionarioekin... hitz egiteko eta bitartekaritza lana egiteko. Gainontzeko mugimendu guztiekin koordinatu nahi gara, borroka emateko.
Ezin dugu murrizketarik onartu eredu publiko batean. Hori da gure ideia: ikastetxea eta proiektua babestea, oso proiektu interesgarria baita: lurraldeari sustraitutakoa, adin aniztasuna kontuan hartzen duena... eta garrantzitsuena: publikoa eta euskalduna.
“Fusioaren aurka gaude uste dugulako, fusioa baino, absortzio bat izango dela”
I.R.I.: Fusioaren aurka gaude uste dugulako, fusioa baino, absortzio bat izango dela. Gure seme-alabak eskola txiki batera ekarri baditugu izan da familia guztiek eredu honen alde egiten dugulako, familiarra izango dena, adin aniztasunarekin geletan, herrian errotua eta publikoa zein euskalduna.
A.S.P.: Eusko Jaurlaritzak badu beste asmo bat atzean: baliabide publikoak murriztea. Beste zerbitzu batzuetan ere gertatzen ari da hori, Osakidetzan edota enplegu publikoetan, adibidez. Ezin ditugu gure baliabide publikoak beste esku batzuetan utzi. Eskola publiko indartsu egon behar da. Eskola txiki hau kentzen badute, zer alternatiba egongo da gure lurraldean? Ikastola edo Kristau Eskola izango dira alternatiba bakarrak, sektore pribatukoak. Sektore publikoan, aldiz, aukera bakarra egongo da.
“Eskola publiko indartsu egon behar da. Eskola txiki hau kentzen badute, zer alternatiba egongo da gure lurraldean? Ikastola edo Kristau Eskola izango dira alternatiba bakarrak, sektore pribatukoak”
Zer eragin izango luke bi zentroen arteko fusioak?
A.S.P.: Zentro honek duen gauza ederretako bat bada hezkuntza komunitatearen benetako integrazioa sustatzen duela. 95 ume baino ez daude, eta 62 familia. Gauzak hala, familien eta eskolaren arteko elkarrekintza nahiko indartsua da, eta baita umeen artekoa ere.
Orain COVID-19ak ez du uzten, baina lehen ume guztiek bazkaltzen zuten batera. Gure seme-alaba guztiek ezagutzen dute elkar.
Eskolak auzoan duen nortasuna ere galduko litzateke. Eskola da auzoa mapan kokatzen duena. Amurrioko auzo periferikoa da, langile klasearen bizilekua. Baliabide publikoak zentralizatzea da asmoa, edozein prezioetan, horretarako murrizketak egon behar badira ere.
“Eskola da auzoa mapan kokatzen duena. Amurrioko auzo periferikoa da, langile klasearen bizilekua”
Gauza bat utzi nahi dugu argi, gaizki-ulertuak egon ez daitezen: itxierarekin ez luke eskola honek soilik galduko, Mendiko eskolak ere galduko luke. Guk ez gaude ume guztiak gela berean egotearen aurka. Kontua da eskola txikiaren alternatiba galduko litzatekeela eta Mendikok ere bera orain arteko proiektua galduko lukeela. Auzo honetan badaude Mendikon ikasten duten haurrak, eta alderantziz ere. Baina proiektuaren nortasuna galduko litzateke. Zabaleko da Amurrioko eskola publiko zaharrena, 62 urte ditu. Historia asko galduko litzateke fusioan.
Langileengan ere izango luke eragina fusioak, ez?
A.S.P.: Irakasleak ez lirateke kalean geratuko, funtzionarioak direlako eta beste toki batera eramango lituzketelako. Baina Zabalekon bere garaian beste borroka bat galdu zen: jantokiaren kudeaketarena. Zerbitzua kanporatu zen.
“Itxierarekin ez luke eskola honek soilik galduko, Mendiko eskolak ere galduko luke”
Horregatik, jantokiko begiraleak izango lirateke lehenak kaleratuak izaten. Garraio zerbitzuak dagoen langilea ere kalean geratuko litzateke, Mendiko eskolan lanpostu hori jada badagoelako. Nik argi dut murrizketa ekonomikoak daudela fusioaren atzetik. Garbiketa, lorezaintza, mantenua... egiten duten pertsonak ere kalean geratuko lirateke.
Eskola auzoaren bihotza dela aipatu duzue. Ze funtzio betetzen du eskolak hezkuntza eremutik harago?
I.R.I.: Eskolak bizitza asko ematen dio auzoari. Haur guztiak erdigunera eramaten baditugu zer gertatuko da auzoko arratsaldeekin? Auzoa hilik geratuko lirateke. Horrez gain, aipatu beharra dago beste kultura batzuetatik datozen ama asko arratsaldero bertaratzen direla zentrora ahozko zein idatzizko gaztelera ikastera, eta hori ere galduko litzateke.
“Jantokiko begiraleak izango lirateke lehenak kaleratuak izaten”
Ikastetxeak ordu asko eman ditu proiektu berri bat garatzen, datozen lau urteetarako zela. Liburutegia irekitzeko asmoa zegoen, auzoko jende guztiak baliatu zezan, lanak egiteko edota irakurtzeko.
A.S.P.: Eskolaren proiektua horretara dago bideratua: auzoarekin integratzera. Auzo honetako bizilagunen ehuneko handia dira etorkinak. Eskola honetan hainbat nazionalitate daude. Badaude Marokoko umeak, Siriakoak, Georgiako, Hego Amerikakoak, Afrikakoak, Errusiakoak... Hemen integratzen ari dira eta bestelako eredu eta ratioetako hezkuntzara ohituak daude.
Eusko Jaurlaritzaren asmoa da denak gela bakarrean sartzea, gehienezko ratioan. Umeen eskola errendimenduan jaitsiera bat eragingo du horrek, nahitaez. Ohituak daude arreta pertsonalizatuagoa izatera. Hemen dugun ratiorik handiena 15 umekoa da klase bakoitzeko.
Hori da galduko litzatekeela. Umeak dira erdigunean daudenak, eurek pairatuko dituztelako aldaketak. Haur horietako askok aldaketa esanguratsuak bizi izan dituzte dagoeneko euren bizitzetan, beste toki batzuetatik etorri direlako. Ez zaigu bidezkoa iruditzen hau egitea.
A.S.P.: Parlamentuan onartua zegoen jada zentroaren berriketa, guk eskatu gabekoa. Berrikuntza puntualen bat baino ez dugu eskatu, baina kontua ez da hori. Kontua da Hezkuntza Sailak proposatutako proiektu horren zain geundela bilera batera deitu gintuztenean. Guk uste genuen proiektu horretaz hitz egiteko zela, baina orduan jakinarazi ziguten zentroa ixtea zela asmoa.
I.R.I.: Arrazoi bakarra eman digute fusioa justifikatzeko: datozen urteetan jaiotza-tasa %20 jaitsiko dela.
“Sailburuak ez du esan zer gertatuko den 2022-2023. ikasturtean, ez du balizko fusioa baztertu”
Eusko Jaurlaritzak esan berri du du datorren ikasturtean Zabalekok irekita jarraituko duela, baina mobilizazioei eutsi egin diezue zuek. Zergatik?
A.S.P.: Sailburuak ez du esan zer gertatuko den 2022-2023. ikasturtean, ez du balizko fusioa baztertu.
I.R.I.: Proiektuaren alde borrokatzea da plataformaren xedea. Gure deialdiak eta aldarriak zabaltzeko gonbita luzatu nahi diegu eskualdeko bizilagun eta eragileei, eta mobilizazioetara batzea. Borrokatu behar dugu, hori da bidea.
A.S.P.: Hezkuntza komunitate osoak osatu du plataforma: eskolak, guraso elkarteak, auzoak... eskolaren eta eragile sozialen arteko hartu-emana bideratzea da taldearen xedea. Guri ez zaigu inolako jakinarazpen ofizialik iritsi Eusko Jaurlaritzaren partetik, eta iritsi egin beharko litzaiguke, gu garelako horretan borrokan gaudenak.
Beste edozein ekimenekin ere aritu nahi dugu elkarlanean: auzoko zein herriko gazteekin, Aiaraldeko egoera soziekonomikoa dela eta sortu diren mugimenduekin... gainontzeko eskolei ere luzatu nahi diegu parte hartzeko gonbita, eta baita Amurrioko bizilagun guztiei.