Iñaki Krutxaga presoa ez dute oraindik Almeriatik Leonera espetxez aldatu

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 8a, 12:51
Iñaki Krutxagaren aldeko kartela. / Twitter

Ostiralean jakinarazi zuten ETAko militantea izandakoa Almeriako espetxetik atera eta Leongo presondegira eramango zutela, baina oraindik ez dute egin.

Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak adierazi zuen ostiralean Iñaki Krutxaga espetxez aldatuko zuela. Berez, Almeriako kartzelatik Leongo presondegira eramango zutela zabaldu zuten.

Krutxaga oraindik sakabanatuta egongo da, Leon Euskal Herritik 300 kilometrora baitago, baina Almeriako espetxea 1.000 kilometrora baino gehiago dagoela aintzat hartuta, etxetik nabarmen hurbilago egongo da. Halaber, bigarren gradura pasako da Krutxaga.

Presoaren inguruko iturriek berretsi diote Aiaraldea Hedabideari Andaluzian jarraitzen duela. Gutxienez, ostiralera arte hor jarraituko duela uste dute.

Berarekin batera Alberto Viedma ere mugituko dute Almeriatik, Topasera, hain zuzen. Espetxe agintariek iragarri zuten Marixol Iparragirre ere behin-behinean Zaballan kokatuko dutela.

Galdakaokoa jatorriz, Belandian bizitakoa

Iñaki Krutxaga ez da aiaraldearra jatorriz, baina Amurrion hartu zuten bere babesaren ardura, neurri batean. Izan ere, Galdakaokoa izan arren, eskualdean bizi izan zen zenbait urtez, Belandian, alegia.

Krutxagaren etorkizuneko presondegi aldaketak hautsak harrotu ditu eskuin muturreko hedabide espainiarretan. Izan ere, 2002an 33 urteko kartzela zigorra ezarri zion Entzutegi Nazionalak Ernest Lluch ministro sozialista ohia hiltzeagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide