Ekainaren 15ean, asteartean, Zabaleko Bizirik! plataformako kideek Gasteizera joko dute elkarretaratzea egiteko. Hain zuzen, mobilizazioa Guridi musika kontserbatoriaren aurrean izango da. Barruan egongo da Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua, urtero Arabako Eskola Publikoaren zuzendariekin egiten duen ekitaldian.
Amurrioko plataformak bere kabuz deitu du mobilizazioa, baina ahalik eta eragile gehien erakarri nahi dituzte. Izan ere, protesta ez da izango soilik San Jose auzunean kokatuta dagoen eskolaren itxieraren kontra, baizik eta zerbitzu publikoen murrizketen aurka. "Jadanik hitz egin dugu sindikatuekin eta Gasteizko eragileekin ere harremanetan jartzen saiatuko gara", azaldu dute Zabaleko Bizirik! plataformako kideek.
Jokin Bildarratzek bi aldiz kale egin die
Plataformak erabaki du elkarretaratzea antolatzea Gasteizen Jokin Bildarratzek bi aldiz bakarrik utzi dituelako, eurekin hitzordua adostu eta gero: "Maiatzaren 26an Zabalekora etorri behar zen, baita asteazken honetan, baina azkenean ez da agertu ez egun batean ez bestean. Hezkuntza Sailak esan digu agenda arazoak izan direla, baina ez bagaitu entzun nahi, gu joango gara entzun gaitzan".
Maiatzaren amaieran sustatu zuten Zabaleko Bizirik! plataforma, San Jose auzoko ikastetxea ixteko asmoa dagoela salatzeko. Geroztik, hainbat mobilizazio egin dituzte, modu arrakastatsuan, gainera.