ASIER BENITO

"Greziako ligako goiko postuetan geratu ohi da Asteras Tripoli FC"

Erredakzioa 2021ko eka. 18a, 08:22
Asier Benitoren aurkezpen argazkia Grezian. / A. T. F. C.

ASIER BENITO (Amurrio, 1995) Asteras Tripoli FC taldeko jokalari berria da. Greziako Super League profesionalean aritzen da kluba, goiko postuetan. Kirol abentura berriari buruz mintzatu da elkarrizketan.

Orain Greziako talde batean zaude, azalduko diguzu zer dakizun berari buruz?

Duela hilabete bat jarri ziren nirekin harremanetan eta egun horretatik egon dira nire egoerari buruz galdezka. Talde hau ezagutzen nuen, espainiar jokalari asko fitxatzen zituelako, eta ondo hitz egin didatelako klubari buruz, klub serio eta profesionala dela, alegia.
 
Nola suertatu zitzaizun aukera hori?

Talde honek asko erreparatzen dio Espainiako futbolari eta nire partida batzuk ikusi zituzten. Gero, partiden bideoen eta estatistiken analisia egin ondoren, fitxatzeko erabakia hartu zuten. Horrela izan dela esan didate behintzat. 3 urteko kontratua sinatu dut.

Zure taldekideren bat ezagutzen zenuen joan baino lehen?

Bai, Donostiako jokalari bat ezagutzen dut. Nire adinekoa da eta berarekin jokatu nuen sub16 eta sub18ko Euskal Selekzioetan eta bere aurka askotan jokatu dut ere. Berarekin hitz egin nuen galdetzteko ea zelakoa zen kluba. 2 urte daramatza han eta beste 2 gehiagorako berritu du. Beraz, gustura dagoela nabaritzen da.

Asko pentsatu behar izan zenuen hara joan edo ez? Zer da gehien erakarri zaituena?

Bai, asko pentsatu behar izan dut, nire bizitzan aldaketa oso handia delako. Orain arte, bi urte egon naiz etxetik kanpo baina nahiko gertu, Sorian eta Ponferradan. Greziara joateko berriz, hegazkina hartu behar duzu. Beste hizkuntza bat, beste kultura... dena berria izango da. 

Gehien erakarri nauena izan da lehenengo mailan dagoen talde bat dela eta gainera, liga horretako goiko postuetan geratzen dela normalean. Espainian lehengo mailan jokatzea oso zaila da eta bertan lehenengo mailan jokatzeko aukera ematen didate eta aukera oso oso ona da hori niretzako. 

Gero, munduko beste herrialde batzuk ezagutzeko gogoak nituen eta hori egiteko adin hobezina daukadala uste dut. Orain ez badut egiten, agian ez dut beste aukerarik izango.

Nola moldatzen ari zara Greziara?

Bi egun baino ez naiz egon. Kontratua sinatzera eta proba mediku batzuk egitera joan nintzen bakarrik. Bi egun horietan ingelesez hitz egiten komunikatu naiz greziako jendearekin, greziar hizkuntza oso zaila delako.

Hortaz aparte, esan dezaket klub hau dagoen herria Tripoli deitzen dela, eta Peloponesoren erdigunea dela eta Atenasetik ordu eta erdira dagoela. Zonalde nahiko menditsua da eta hiri txikia, 30-40 mila biztanlekoa edo.

Zeintzuk dira zure klubaren erronkak hurrengo denboraldirako eta zein uste duzu izan daitekeela zure ekarpena taldean?

Klubaren helburua ligako lehenengo 6 postuen artean geratzea da eta, ahal bada, Europako postuetan geratzea (5. postutik aurrera).
Argi dago nire ekarpena, aurrelari moduan, golak sartzea dela. Baina, golez aparte, lan handia egin beharko dut zelai barruan eta taldea ahal dudan guztian lagundu beharko dut. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide