AINTZANE MENDIA, TUBACEXEKO LANGILEA

"Ertzaintzak atxilotu ninduenean arrastaka eraman ninduten eta eskuan fisura eta bizkarrean lesioa sortu dizkidate"

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 19a, 08:00

Aintzane eta bere senarra, Javi, Amurrioko parkean. / Aiaraldea.eus

AINTZANE MENDIA (Amurrio, 1977) osteguneko mobilizazioan atxilotu eta lesionatu zuen Ertzaintzak. Tubacexeko grebalaria da eta bere senarrarekin batera -kaleratua- borrokan ari da enpleguaren alde. Ostegunean bizitakoa azaldu du.

Zer gertatu zen ostegunean zehazki?

Maiatzaren 11n bezala, elkarretaratzea egin genuen, deklaratu behar zutenei babesa adierazteko, eta bat-batean ertzainak mobilizazioa oztopatzen hasi ziren eta baldintza asko jartzen, non kokatu behar ginen esaten eta abar. Azkenean, Brigada Mugikorra deitu zuten.

Bultzaka botatzen saiatu ziren, eta bat-batean hartu eta atxilotu ninduten. Kolpe bat eman zidaten eskuan, eta arrastaka eraman nindutenez, kolpeak hartu nituen beste eskuan, lepoan eta bizkarrean.

Eskuan fisura bat eragin didate eta bizkarrean lesioa daukat, baina oraindik ez dakigu zein motatakoa. Medikuek esan didate itxaron behar dudala jakiteko.

Zer gertatu zen gero?

Ordubetez egon nintzen auto batean atxilotuta. Nire lankideek ez omen zieten uzten ateratzen, baina gezurra da. Ez zuten ahaleginik egin.

Horren ordez, Brigada Mugikorra deitu zuten berriro eta poliziek nire lankideak jipoitu zituzten.

Nolakoa izan zen atxiloketa?

Autoan sartu ninduten eta gero atera, eskuburdinak jartzeko. Ez nuen oso ondo ulertu, baina esan zidaten protokoloa zela. Denbora luzez egon ginenez eta mina nuenez, eskatu nien eskuak askatzeko eta horrela egin zuten.

Gero anbulatoriora eraman ninduten, txostena behar zutelako, lesioak aurretik egindakoak zirela ziurtatzeko.

Anbulatorioan udaltzain bat deitu behar izan zuten, ez baitzegoen polizia emakumezkorik nirekin egoteko. Hasieran, sendagilearekin batera sartu egin ziren. Medikuak esan zien ezin zirela han egon eta erantzun zuten ezin zidatela begia gainetik kendu.

"Medikuak esan zien ezin zirela nirekin kontsultan egon, baina barruan geratu ziren"

Aztertzen ninduten bitartean han egon ziren eta kamiseta kendu behar izan nuenean heldu zen udaltzaina, oso neska jatorra.

Behin plaka eginda eta eskuan benda jarri ostean Ertzain Etxera eraman ninduten. Ziega batean sartu ninduten eta biluztera behartu ninduten bi emakumeren aurrean. Arropa guztia kendu behar izan nuen.

Gero etorri zen abokatua, berarekin hitz egin nuen, sinatu egin genituen paper batzuk, adierazteko ez nuela lekukotzarik emango eta gero betikoa: argazkiak, hatzamarren aztarnak hartu...

Bukatu zutenean, askatu ninduten eta oso polita izan zen, lankide pilo bainituen itxaroten.

Zer leporatzen dizute?

Autoritatearen kontrako atentatua.

Zergatik uste duzu izan zinela zu atxilotua hainbeste langile egonik?

Irudi askotan atera naiz, ekintza askotan parte hartu dut, beti baketsuak, baina hainbat aldiz ikusi naute eta ezagutzen nautela uste dut.

Dena den, piketean jarraituko dut egunero, animo askorekin eta ea zer gertatzen den astelehenean eta asteartean epaiketetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide