Atzo Amurrioko epaitegiaren aurrean gertatutakoa ezusteko handia izan zen jende askorentzat. Bi hilabete igaro dira Ertzaintzak Tubacexeko langileen aurka azken aldiz kargatu zuenetik. Atzokoa egun lasaia zirudien: beharginek elkarretaratzea deitu zuten elkartasuna adierazteko deklaratzera deituak izan ziren hiru aiaraldearrei. Hasieran hiruzpalau polizia baino ez zeuden arren, berehala agertu ziren Brigada Mugikorrekoak. Izan ere, beharginek uko egin zioten espaloitik mugitzeari, elkarretaratzea bertan egiteko baimena zutela argudiatuta.
Poliziak manifestarien artetik sartu ziren eta nahiko gauza zentzugabea egin zuten. Izan ere, bidea oinezkoentzat libratu baino (hori zen egin nahi omen zutena) are gehiago blokeatu zuten. Handik gutxira kargatu zuten, hainbat langile zaurituz eta bat atxilotuz.
Atzoko kargek kontraste handia egiten dute iragan maiatzaren 11n toki berean bizitakoarekin. Egun horretan Tubacexeko hiru langilek deklaratu zuten, eta manifestariek ez zuten inolako trabarik izan elkarretaratzea bide osoa okupatuz egiteko:
“Istiluen profesionalen” tesia
Atzo gertatutakoaren ostean (kargak amaitu eta poliziak langilea atxilotuta eraman eta gero) behargin batek polizia bati galdetu zion ea zergatik jokatu zuten modu horretan, eta honek erantzun zion mobilizazioetan Tubacexekoa ez zen jendea sartzen dela, eta jende hori dela istiluak probokatzen dituena.
Behargin batek polizia bati galdetu zion ea zergatik jokatu zuten modu horretan, eta honek erantzun zion mobilizazioetan Tubacexekoa ez zen jendea sartzen dela, eta jende hori dela istiluak probokatzen dituena
Poliziak behin baino gehiagotan erabili du tesi hori Tubacexeko langileen aurkako kargak argudiatzeko. Antzeko gauza bat esan zioten greba mugagabean egondako lehen istiluetan atxilotutako langilearen emazteari, Laudioko komisaldegian. Hain zuzen, behargin horrek uste du itxuragatik atxilotu zutela, ikur antifaxistadun arropa zeramalako soinean, eta langilea ez zela suposatu zutelako ertzainek.
Horrelako kriminalizazio saiakerak ez dira berriak. Duela ia 30 urte ere gertatzen ziren, Aceros de Llodio fabrikaren itxieran, adibidez. Beharginen mobilizazioetan “istiluen profesionalak” zeudela aipatzen zen garai hartan hedabideetan, hemen beheko bideoan ikusi daitekeenez:
Gauzak hala, agian ez da oso zoroa pentsatzea atzo poliziak izandako jokabide ustez “zentzugabearen” atzean horrelako beste kriminalizazio saiakera bat egon daitekeela.
Izan ere, berez, ezberdintasun bakarra dago maiatzaren 11n eta atzo epaitegiaren aurrean egondako elkarretaratzeen artean: maiatzekoan Tubacexeko hiru behargin ziren deklaratu zutenak. Atzokoan, aldiz, eskualdeko hiru pertsona izan ziren. Hiru pertsona gazte, eta inguru politizatuetatik mugitzen direnak.
Beraz, baliteke polizia-buruek pentsatzea atzoko elkarretaratzean “Tubacexekoak ez den jende” gehiago egon zitekeela, deklaratzera deituak zeuden gazteen profilak hori iradokitzen zielako; eta baliteke baita pentsatzea bertan kargaren bat eraginez gero baten bat atxilotzeko aukera izan zezaketela, historikoki baliatutako “istiluen profesionalen tesia” indartu eta, era berean, Tubacexeko langileen gatazka (are gehiago) kriminalizatzeko.
Baliteke polizia-buruek pentsatzea atzoko elkarretaratzean “Tubacexekoak ez den jende” gehiago egon zitekeela, deklaratzera deituak zeuden gazteen profilak hori iradokitzen zielako
Ezin da ziurtasunez jakin Ertzaintzaren atzoko asmoa hori zen edo ez. Baliteke dena kasualitatez gertatutako talka bat izatea. Hipotesi bat baino ez da.
Baina, plana hori baldin bazen, erabat aldrebes atera zitzaien: elkarretaratzean batutako gehienak langileak ziren eta atxilotuta eraman zutena, aldiz, adin ertaineko emakume grebalaria.
Gainera, Tubacexeko gatazkaren puntu honetan, “istiluen profesionalen” tesia oso jokoz kanpo geratu da Aiaraldean. Gazteak, pentsiodunak, mugimendu feministako kideak, hainbat enpresa eta sektoreetako beharginak… eskualde oso bat batu da azken hilabeteetan eginiko mobilizazioetara. Horren adibide argia da iragan ekainaren 2an eginiko borroka egunean egondako aniztasuna.
“En Tubacex no sobra nadie” oihukatzetik “En Aiaraldea no sobra nadie” oihukatzera pasa dira grebalariak. Tubacexeko langileen borroka eskualde osoaren defentsaren aldeko borroka bilakatu da, eta “istiluen profesionalen tesiek” nekez neutralizatu dezakete hori.