Bueltan da Txakolin Eguna, formatu txikiagoan bada ere, pandemiak hala behartuta. Ekitaldia egin dute Amurrioko Refor erretegian sektoreko kideekin eta Eusko Jaurlaritzako, Arabako Foru Aldundiko eta Amurrioko Udaleko ordezkariekin, 2020ko uztatik ateratako ardoak dastatzeko.
2019ko ekainaren 2an ospatu zen azkeneko aldiz Amurrioko Txakolin Eguna, eta antolatzaileek "oso hunkigarritzat" jo dute berriro egiteko aukera izatea. Iazkoa oso urte gogorra izan zela nabarmendu du Mariano Alavak, Arabako Txakolina jatorri-deiturako presidenteak: "Pandemiak eragindako egoera korapilatsuaz gain, Angelines Villate Delikako ekoizleak bizia galdu zuen upategian jazotako istripu baten ondorioz".
Hain zuzen ere, Angelines Villate txakolingilea omendu dute gaurko ekitaldian. Arabako Txakolinaren figura garrantzitsutzat jo dute Villate, eta datozen belaunaldientzako eredu izango dela ziurtatu dute. Villateren senideek jazo dute oroigarria. Txakolingilearen heriotzak ez du upategia gelditu. Izan ere, honen ondorengoek hartu dute lekukoa.
Manu Garcia Sanchez, enbaxadore
Arabako Txakolingileek Manu Garcia Sanchez izendatu dute aurtengo txakolinaren enbaxadore. Alaves futbol taldeko jokalariak Arabako jatorri-deituraren ezaugarri berdinak biltzen dituela nabarmendu dute: konpromisoa, profesionaltasuna eta sakrifiziorako gaitasuna. Futbolariak berak jaso du oroigarria gaur Amurrion.
2020ko uzta
Iazko uztan jasotako mahatsen ardoa dastatu dute gaurko ekitaldian. Komertzializazioaren beherakadaz gain, meteorologiari ere aurre egin behar izan zioten 2020an Aiaraldeko mahastiek, udaberria oso euritsua izan baitzen, eta aurreikuspenak ez ziren guztiz onak. Uda eta udazkena, ordea, apartekoak izan ziren eta kalitate handiko txakolina ekoiztea lortu dute azkenean.
Nazioartean asko ari da komertzializatzen Arabako Txakolina, hala nola, Amerikako Estatu Batuetan, Kanadan eta Japonian
Guztira 7.500 botila ekoiztu dira jatorri-deiturako zortzi upategietan. Adituek nabarmendu dute eskualdeko zapore eta nortasuna ondo islatzen duen txakolina dela aurtengoa, eta hiru eragile nagusi azpimarratu dituzte: Aiaraldeko klima, lurzorua eta eskulana.
Baikorrak dira eskualdeko txakolingileak, eta oso pozik dauden produktua azken urteetan izaten ari den harrera onarekin. Inguruan soilik ez, nazioartean ere asko ari da merkaturatzen Arabako Txakolina, hala nola, Amerikako Estatu Batuetan, Kanadan eta Japonian.
Dagoeneko hasi dira 2022ko Txakolin Egunean pentsatzen. Aurtengo uztaren emaitzak frogatuko dituzte egun horretan, eta hori Amurrioko Parkean egitea espero dute, ohikoan bezala.
Datorren urtean Txakolin Eguna berriro ere Amurrioko Parkean ospatzeko nahia adierazi du Txerra Molinuevo alkateak pic.twitter.com/E35p1YefYE
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) June 24, 2021