TUBOS REUNIDOS

SEPIko 112 milioi euro jasoko duela aprobetxatuta, Tubos Reunidoseko zuzendaritzak soldatak %21,7 igotzea proposatu du

Aitor Aspuru Saez 2021ko uzt. 1a, 18:33

Tubos Reunidoseko langileen elkarretaratzea enpresaren bulegoen aurrean. / Aiaraldea.eus

Atzo izan zen Tubos Reunidos taldeko akziodunen batzarra eta zuzendaritzak iragarri zuen ziur dagoela SEPIko 112.800.000 euroko mailegua jasoko duela. Hori ez ezik, kontseiluko kideen ordainsaria %12an igotzea ere proposatu zuten.

Tubos Reunidoseko kontseilariek mezu positiboa zabaldu nahi izan zuten atzo akziodunen batzarrean. Hasteko, azaldu zuten uste dutela Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietateak (SEPIk) 112.800.000 euroko mailegua utziko diela eta horri esker enpresari bultzada emango diotela. Horri gehitu behar zaio "finantzazio zubiko" 7 milioi euro hartu dituela jadanik konpainiak.

Hain zuzen, ekoizpen prozesuak hobetzera eta digitalizatzera, langileak trebatzera eta karbono aztarna murriztera bideratuko du enpresak diru hori.

Eskarietan %25eko igoera

2020an fakturazioaren %15eko jaitsiera izan ostean, eta eskariak %39an murriztu eta gero, Tubos Reunidoseko arduradunek iragarri dute eskariek %25ean egin dutela gora berriro ere.

Horrez gain, apurka-apurka normaltasunera itzultzea aurreikusi dute. 2024an eskaerak egonkortzea espero dute, baita Estatu Batuetako merkatuan negozioak gora egitea ere, 2025ean muga-zergak desagertu daitezkeela uste baitute.

Zuzendaritzaren ordainsariak

Berri baikorrekin batera, kontseilua osatzen dutenen soldatak igotzea proposatu zuten atzo 2022-2024 tarterako. Hain zuzen, %21,7ko igoera eraman zuten akziodunen batzarrera. 1.014.000 eurotik 1.235.000 eurora, hain zuzen.

Berez, presidenteak 325.000 euro finko jasotzea aurreikusi zuten, iaz bezala. Hala ere, gogoratu beharra dago 2020an zuzendaritzaren ordainsari gastuak nabarmen biderkatu zirela eta 2.800.000 eurora iritsi zirela.

Erregulazio espedienteak amaitu dira

Tubos Reunidosek eskatutako Lana Aldi Baterako Erregulatzeko Espedienteak ez dira luzatuko gaurtik aurrera. Berez, kontseilariek SEPIaren balizko ekarpenaren eta eskarien gorakadaren ondoriozko neurritzat jo zuten, baina sindikatuek gogoratu dute salbuespen neurri horiek atzoko eguna zutela muga, ezarri ziren unetik bertatik.

Prebentzioa eta segurtasuna

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak hainbat aldiz aipatu zuen segurtasuna eta prebentzioa atzo aurkeztutako txostenean, baina sindikatu gehienek salatu dute enpresak neurriak abiatu dituela Amurrion bajak ahalik eta gehien arintzeko.

Esaterako, TEBEX enpresa azpikontratatu du Tubos Reunidosek, "langileen osasun egoera egiaztatzeko". CCOOk, UGTk, ESKk eta LABek erabaki hori bertan behera uzteko exijitu diote, Osakidetzako profesionalen kalitatea zalantzan jartzen duelako eta osasunari lotutako informazioa pribatua delako, eta ez hirugarren enpresa batek aztertu beharreko kontua. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide