2,8 milioi euro banatu dituzte Tubos Reunidoseko administrazio kontseiluaren eta zuzendaritzako goi karguen artean

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mai. 3a, 07:00

Elkarretaratzea deitu dute LAB eta ESK sindikatuek asteazkenerako. / Itziar Senra

Espainiako Gobernuari 115 milioi euroko erreskatea eskatu dioten arren, 2019an jasotakoaren ia bikoitza jaso zuten iaz Tubos Reunidoseko Administrazio Kontseiluko kideek soldata eta dietetan. Langileak, bien bitartean, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteetan egon dira azken urteetan eta pandemia hasi zenetik ez dute lanaldi arrunta berreskuratu. 

2019. urtean baino diru gehiago jaso zuten iaz Tubos Reunidoseko Administrazio kontseiluko kideek eta zuzendaritzako goi karguek soldata eta dietetan, 2.811.000 euro guztira. Hala ikusi daiteke enpresak Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean aurkeztutako txostenean. 

1.014.000 euro banatu zituzten guztira Administrazio Kontseiluko 10 kideen artean. 2019an, aldiz, 544.000 euro banatu zituzten 9 kideren artean. 

Hemen ikusi daiteke kide bakoitzak irabazitakoa:

Irazustak, 442.000 euro

Francisco Irazusta Rodriguezek jaso du diru gehien, 442.000 euro guztira. Bere soldatak eragin du batez bestekoa nabarmen igotzea, ia bikoizteraino. Duela urtebete (2020ko apirilean) sartu zen Irazusta administrazio kontseiluan, kontseilari exekutibo moduan. 

Bere kontratuak hainbat ordainsari aurreikusten ditu: 

  • 325.000 euroko sarrera finkoa urtero, exekutiboa izateagatik.  
  • 75.000 euroko partida finkoa urtero, kontseilaria izateagatik.
  • Urteroko beste ordainsari aldakor bat, 240.000 euroraino iritsi daitekeena, kontseiluak zehaztutako helburuen betetze-mailaren araberakoa. 
  • Hainbat urtetarako ordainsari aldakorra, enpresak dituen irabazien araberakoa. 

Gainontzeko kontseilariek, aldiz, 32.500 euroko ordainsari finkoa jaso zuten 2020an, eta 1.500 euro jaso zituzten dietetan bilera bakoitzeko, 2.250 euro batzorde delegatuen kasuetan. Ikuskaritza batzordeetako eta izendapen zein ordainsari batzordeetako lehendakaritzek, aldiz, 3.000 euro gordin kobratu zituzten bilera bakoitzeko. 

1,79 milioi euro goi-karguen artean

Dena den, diru gehiago da zuzendaritzako goi-karguen artean banatutakoa. 1.797.000 euro iaz guztira, 10 kideren artean.

Langileak, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientean

Enpresako buruek soldatak igo arren, egoera latza da Amurrioko lantegian. Langileak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientean daude pandemia hasi zenetik. Azaroaren 1ean abiatu zuten bigarren espedientea. Ekainera arte luzatuko da eta 686 langileri eragiten ari die, lanaldia %39-66 artean murriztuta. 

Tubos Reunidosen egoera ekonomikoa ez da samurra: 115 milioi euroko erreskatea eskatu zion urte hasieran zuzendaritzak Espainiako Gobernuari, 2020an 59,3 milioi euroko galerak izan ostean. 

Gauzak hala, elkarretaratzea deitu dute LAB eta ESK-ko sail sindikalek  asteazken honetarako, maiatzak 5. 10:00etan jarri dute zita, Bilbon, zuzendaritzak Maximo Agirre kalean dituen bulegoen aurrean:

Irazustari zuzendatutako gutuna plazaratu dute LABek eta ESK-k. Lantegien industria eta bideragarritasun planak aurkeztea eskatu dute idazki horretan. Lan hitzarmena negoziazioa desblokeatzea ere eskatu dute.

Salatu dutenez, enpresak urteak daramatza hitzarmena berritu gabe, eta horrek eragin zuzena izan du langileen gaitasun ekonomikoan, soldatak eta lan baldintzak berritu ez direlako. "Hala ere, urte hauetan zehar ikusi dugu zuzendaritzak bere diru sarrerak eguneratu dituela", nabarmendu dute bi sindikatuek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide