Ehunka lagun batu dira Zabaleko Bizirik! plataformak gaur arratsaldean deitutako mobilizaziora. Ikastetxeko zuzendaritza taldeari elkartasuna adieraztea izan da manifestazioaren helburu nagusietako bat. Izan ere, iragan astean Hezkuntza Sailarekin egindako bileraz geroztik, Zabaleko eskolaren etorkizunak ezbaian jarraitzen du. Jokin Bildarratz sailburuarekin egindako bilera horren testuinguruan egin bezala, gaurkoan ere, kalitatezko hezkuntza publiko baten aldeko konpromiso errealak exijitu dizkiote Eusko Jaurlaritzari.
Borrokan jarraitzeko deia
Borrokan jarraitzeko deia luzatu dute, manifestazio amaieran Juan de Urrutia plazan plataformako bozeramaileek egindako hitzartzean. Eskualde mailako borroka abiatu nahi dute, hezkuntza sisteman dauden gabezia guztiei erantzuteko: curriculuma, elkarlana eta familia eta ikastetxeen arteko harremanak, besteak beste. Datozen hilabeteetan ere mobilizazio gehiago egingo dituztela aurreratu dute.
Kalitatezko hezkuntza publiko baten alde borrokan jarraituko dutela aldarrikatu dute @zabalekobizirik plataformako bozeramaileek, eta horretarako, eskualde mailako sarea ehuntzea dute helburu pic.twitter.com/BWGnq7UKqQ
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) July 13, 2021