Hezkuntza Saileko arduradunekin bildu zen Zabaleko ikastetxeko guraso-elkartea iragan asteartean. Guraso-elkarteak berak eskatuta egin zuten batzarra, eta eskolaren etorkizunaz mintzatzea zuten helburu. Sailarekin izandako aurreko bilera maiatzaren 20an egin zuten, bertan jaso zuten Amurrioko bi eskola publikoak batzeko asmoaren berri.
Zabaleko Bizirik plataformak salatu du bi hilabeteren ostean Hezkuntza Sailak ez duela eskolaren etorkizunaz argi hitz egin. Kontrara, plataformak salatu du sailetik ukatu egin dutela maiatzaren 20ko bilera horretan fusioa aipatu izana: "lotsarik gabe aipatu dute Mendiko eta Zabaleko ikastetxe publikoen arteko bat-egiteari buruz ez zela inoiz hitz egin".
Borrokan jarraitzeko deia
Plataformatik adierazi dute uztailaren 6ko bileran Hezkuntza Sailak ez zuela San Jose auzoko eskolarekiko inolako konpromiso errealik adierazi. Horregatik, borrokan jarraitzeko deia egin dute: "Borrokan jarraituko dugu. Hezkuntza gure herriaren bizkarrezurra delako. Kalitatezkoa, hurbila, euskalduna eta publikoa. fusioa aipatu zenuten aurrekoan eta guk ezetz esan genuen", aldarrikatu dute.
Euskal Herriko hezkuntza sistema publikoaren indartzearen alde lanean jarraitu nahi du Zabaleko Bizirik plataformak
Alde batetik, konpromiso ekonomikoak eskatu dizkiote Jaurlaritzari. Izan ere, Zabaleko eskolak onartuta dauka eraikin berri bat izateko proiektua. Lanpostuen suntsiketaren gaineko azalpenak ere exijitu dizkiote Hezkuntza Sailari: "Argitu ezazue: Zenbat eta nortzuk kaleratuko dituzue? Atezaina? Jantokiko langileren bat? Irakasleren bat? Argi esan. Zintzoak izan. Datuak inportanteak dira".
Euskal Herriko hezkuntza sistema publikoaren indartzearen alde lanean jarraitu nahi du plataformak, sare indartsu eta kalitatezko bat beharrezkoa dela iritzita.
Zabaleko Bizirik
Maiatzean sortu zuten San Jose auzoko eskolako guraso, langile eta auzokideek Zabaleko Bizirik plataforma, auzoko eskola txikiaren beharra aldarrikatzeko Amurrioko bi ikastetxe publikoen fusioaren aurrean. Mobilizazio jendetsuak egin dituzte hilabete hauetan, hezkuntza publikoaren beharra mahai gainean jartzeko.
Asteartekoa izan zen Hezkuntza Sailarekin egindako lehenengo bilera. Iragan ekainaren 15ean Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuaren aurrean egin zuten protesta. Aurretik, Bildarratzek bi aldiz egin die kale plataformako eta ikastetxeko kideei, beraiekin hitzordua zehaztuta izan arren.