Bañuetaibar kaleko bizilagunekin elkarlanean, horma-irudia egin dute Otsemeak neska* gazte taldeko kideek. Hainbat egun eman dituzte murala osatzen. Irudiak ahizpatasuna eta antolakuntza feminista ditu aldarri, eta Aiaraldeak bizi duen egoera sozioekonomikoari eta horren aurrean piztu den mobilizazio olatuari ere egin nahi izan diote erreferentzia. Tubacexeko eta zaintza sektoreko emakume langileak irudikatu dituzte horma-irudian, eta Zabaleko eskola txikia zabalik mantentzeko borrokari ere egin diote keinua.
Akelarrea ate joka
Amurrioko neska gazteek ez dute atsedenik hartu udan, horma-irudia egiteaz gain Akelarrea ere ospatuko baitute. Osasun arazoak tarteko, ekainaren 25erako prestatua zegoen akelarrea atzeratu behar izan zuten. Udako solstizioarekin ez, baina Jai Herrikoien aldeko egitarauarekin bat egingo du aurten herriko neska gazteek prestatutako ikuskizunak. Hilabeteak daramate entseatzen dagoeneko herrian erreferente bilakatu den ekitaldia.
Hainbat urtez jarraian antolatu dute akelarrea, eta pandemia egoerak ere ez zuen Otsemeak taldea gelditu, iazko udazkenean San Anton plazan eskaini baitzuten akelarrearen edizio berezi bat.
Oraingo honetan abuztuaren 13an piztuko da sua Amurrioko Parkean, 22:00etan. Eserita gozatu beharko da ekitaldiaz, baina sorginkeriak betiko moduan harrapatuko ditu ikusleak.