Ehunka bizilagunek salatu dute Amurrioko eraso homofoboa

Erredakzioa 2021ko abu. 14a, 19:18

Aiaraldeko Mugimendu Feministak eta Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak agerraldia egin dute parkean. Ondoren, elkarretaratzea egon da udaletxearen aurrean. 

Ehunka lagun bildu dira gaur Amurrion iragan ostegunean egondako eraso homofoboa salatzeko. 17:30ean ehundik gora lagun batu dira parkean, Aiaraldeko Mugimendu Feministak eta Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak deitutako agerraldian. “Azken aste eta hilabeteetan” LGTBfobia kasu ugari salatu direla nabarmendu dute bi eragileek. Horren aurrean, “autodefentsa transmaribibolloa” erabiltzeko unea dela aldarrikatu dute. “Gu defendatuko gaituena ez da polizia izango, gure lagunak, familia, militantzia kideak eta auzokideak izango dira”, adierazi dute. 

Elkarretaratzea plazan

Ondoren, arratsaldeko seietan, ehunka lagun bildu dira Amurrioko Udaletxearen aurrean eginiko elkarretaratzean. Adierazpen bateratua irakurri dute bertan Amurrio eta Aiarako alkateek (Txerra Molinuevo eta Gentza Alamillo). Horrelako gorroto delituak giza eskubideen aurkakoak direla nabarmendu dute, eta jendartean tokirik ez dutela aldarrikatu dute. 

Bihar, Aiaran

Gaurkoak ez dira izango eraso homofoboa salatzeko egingo diren ekimen bakarrak. Bihar -abuztuak 15- elkarretaratzea egingo dute 13:00etan Arepalditzako Ferialean, Aiarako Udalak deituta.

Erlazionatuak

Gazte batek eraso homofoboa salatu du Amurrion

Txabi Alvarado Bañares 2021 abu 13 Amurrio

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide